Bolo-bolo zebilen zurrumurrua baieztatu da. Roberto Olabe izango da klubeko kirol arduradun nagusia, 2021 arte. Artean Ekuadorreko Independiente del Valle taldeko kirol arduraduna zen, eta Jokin Aperribai Realeko presidentea bertan izan da, Olabe fitxatzeko negoziazioetan.
Duela aste eta erdi utzi zuen bere kargua orain arteko kirol zuzendari Lorenzo Juarros Loren-ek, bederatzi urte eta gero, eta hasieratik Olabe zen hura ordezkatzeko hautagai nagusia. Orain baieztatu da, eta datorren astean aurkeztuko dute.
Realean aski ezaguna da Olabe. Izan ere, lau urte egin zituen jokalari gisa lehen taldean, Salamancatik fitxatuta. Dena den, Alberto Lopezen itzalean egon zen beti. Futbola utzi zuenean, entrentzaile titulua zuela baliatuz, gazteen taldearen ardura hartu zuen, eta talde horrekin Espainiako Superkopa irabazi zuen.
2001ean iritsi zitzain lehen taldea entrenatzeko aukera. Reala azken-aurrena zen bederatzi jardunaldi falta zirela, eta klubak John Toshack kargugabetu zuen. Astiazaranek Olaberi eta Jesus Mari Zamora jokalari ohiari eman zien aukera, eta ondo baliatu zuten. Taldeak azken 27 puntuetatik hamazazpi lortu zituen, eta mailari eutsi zion.
Aulkitik bulegoetara pasatu zen gero. Kirol zuzendari izendatu zuten. Olaberena izan zen, garai hartan, Raynald Denoueix entrenatzaile frantziarra fitxatzeko erabakia, eta bete-betean asmatu zuen, Denoueixen aginduetara sasoi ikusgarria egin baitzuen Realak. Liga irabaztear izan zen, eta Txapeldunen Ligarako sailkatu zen, hogei urtez egin ez zuena.
Denboraldi eskas baten ostean, 2005ean, klubak eten egin zion kontratua Denoueixi, eta Olabek Jose Maria Amorrorturen alde egin zuen aulkirako. Sasoi hartan, ligan, 14. izan zen Reala, eta Espainiako Kopan Mirandesek kaporatu zuen, final-hamaseirenetan.
Azken sasoi horren amaieran lehendakaritzarako hauteskundeak egin ziren. Miguel Santos eta Miguel Fuentes aurkeztu ziren; jokalari ohiak irabazi zuen. Jose Mari Bakero jarri zuen kirol zuzendari, eta Olabe beste lanetara eraman zuten. Bere egoerarekin haserre, salaketa jarri zuen. Azkenean, akordioa lortu zuten bi aldeek, eta hortxe amaitu zen hamar urteko harremana. 2016an heldu zioten berriro harremanari, baina soilik sei hilabete iraun zuen.