Rossik, etxean bai?

Italiako Sari Nagusia jokatuko da bihar, eta Rossik Stonerrekiko aldea murriztu beharra dauka

Erredakzioa
2007ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Florentziatik 30 kilometrora, Italiaren bihotzean eta etxekoen babesarekin, azken probetan galdu antzean izan duen konfiantza berreskuratzen hasi nahi du Valentino Rossik (Yamaha) Mugellon, Italiako Sari Nagusian. Nahi du, eta behar du, Casey Stoner gaztearen eta haren Ducati motoaren indarra jada ez baita ezustekoa -Ducati ere etxean ariko da-. Bost probatatik hirutan nagusitu da: Qatarren, Turkian eta Txekiar Errepublikan. 102 puntu ditu dagoeneko, eta Rossi 21 puntura dauka. Italiarrak berandu baino lehen tarte hori jaten hasi beharra daukala, alegia.

Rossi etxean ariko den arren eta 2002az geroztik Italian nagusitasunez irabazi baldin badu ere, Mugelloko zirkuituak badu Rossirentzat oztopo izango den ezaugarri bat: helmugako zuzengunea. 1.141 metro dauzka zuzengune horrek, eta Stonerrek alde handia ken diezaioke hor italiarrari. Txinako Sari Nagusian nabarmen geratu zen zuzenguneetan Ducatiren eta Apriliaren artean dagoen aldea, eta Italian arrisku berbera izango du.

Horrez gain, orain arteko proba gehienetan Bridgestone etxeko gurpilak Michelin etxekoak baino askoz errentagarriagoak izan dira, eta hori ere alde izango du Stoner gazteak. Atzoko lehen entrenamenduak egin aurretik aukeratu zituzten pilotuek entrenamenduetan eta lasterketan erabili beharreko gurpilak -aurten aldatu dute arau hori-, eta aukeraketa horrek, orain arte, erabat baldintzatu ditu igandeetako probak.

Stoner-Rossi bikoaren lehia estuari urrutitik begira daude Dani Pedrosa eta Marco Melandri, hurrenez hurren 62 eta 61 punturekin. Aurtengo denboraldian, orain arte, bigarren postua izan da bi pilotuen emaitzarik onena; Pedrosak Espainiako Sarian lortu zuen, eta Melandrik, Frantziakoan. Baina erregulartasuna lortu ezinik, dagoeneko tarte handia galdu dute. Iazko proba gogoan, eta etxean ariko denez, Loris Capirossi ere (Ducati) ondo zaindu beharko dute kontrarioek.

250 cc.-ko lehian nahierara ari da lasterketak irabazten Jorge Lorenzo kataluniarra, bost probatatik lau irabazi baititu -irabazi ez duen proba bakarrean bigarren amaitu du-. Andrea Dovicioso italiarra aldea murrizten saiatuko da etxean, baina Lorenzok ohartarazi du, dagoeneko, Mugelloko zirkuitua asko gustatzen zaiola eta irabazi egin nahi duela. 125 cc-ko proban, berriz, orain arte bezala, Pesek, Talmacsi eta Faubelek lehia estua izango dute, ziurrenik, asteburuan. Hiruren artean 14 puntuko aldea besterik ez dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.