Hiru kilometro eta %13,1eko bataz besteko pendiza zeukan azkeneko aldapak, eta Valverdek (Movistar) igotzen hasi orduko jotzea erabaki du. Jarraitu diote Contadorrek (Tinkoff), Joaquim Rodriguezek, Giampaolo Carusok (Katuxa), Fabio Aruk (Astana) eta baita Chris Froomek (Sky) ere azken unean, atzetik aurrera eginda, eta, hain zuzen, txirrindulari kenyarrak erasotu du hurrena. Orduan lehertu da Valverde. Herio baten jarraitu du helmugaraino iazko Frantziako Tourraren garaileak, baina zazpi segundo eskas kendu dizkio liderrari. Rigoberto Uran (Omega) gaur arte hirugarren sailkatua zenak dezenteko atzerapena eduki du helmugan, eta faborrio nagusiekiko minutu bat galdu du.
Hesjedalek (Garmin) errematea eman dio eguneko ihesaldiari —23 lagunek osatu dute—. Azkeneko aldapan Oliver Zauggek (Tinkoff) erasotu du indartsuen, eta abantaila lortu. Hesjedalek, baina, ez du etsi, begi-bistan eduki du uneoro suitzarra, eta helmugara heltzeko 75 metro eskas geratzen zirenean aurreratu du. 32 urte ditu Hesjedalek, eta 2012ean Italiako Giroan nagusitu zenetik, ezer irabazi gabe zegoen gaur arte.
Vueltako 15. etapa jokatuko da, bihar, Oviedo eta Covandogako Aintziren artean (152 kilometro). Azkeneko igoera mitiko, gogor eta luzera heldu arte, etapak ez du aparteko zailtasunik. Etzi Vueltako etapa nagusia jokatuko da San Martin del Rey Aurelio eta La Farrapona artean (160 kilometro). Azkeneko igoeraz gain, lehen mailako beste hiru mendate gainditu beharko dituzte txirrindulariek.