Oraingo honetan lortu du bere taldeak egindako lana biribiltzea Peter Saganek (Bora). Garaipena lortu du Giroko hamargarren etapa, esprintean L'Aquil eta Foligno artean. Bigarren izan da Fernando Gaviria (UAE) eta hirugarren Davide Cimolai (Israel). Hala, hirugarren etapako arantza kendu ahal izan du. Orduan ere bere taldeak lan ona egin zuen, baina azken kilometroetan laguntzarik gabe geratu zen, eta ihes eginda irabazi zuen Taco Van der Hoornek (Wanty). Aurreikuspenak, beraz, bete egin dira. Egan Bernalek (Ineos) segitzen du elastiko arrosarekin; 14 segundora du Remco Evenepoel (Deceuninck), eta 22ra Aleksander Vlaslov (Astana). Bihar atseden eguna dute txirrindulariek.
Eguneko ihesaldia bost txirrindularik osatu dute. Eguneko igoera apurrenetakoan egin dute ihes Van der Hoornek berak, Simon Pallaudek (Androni). Umberto Marengok (Bardiani), Samuele Rivik (Eolo) eta Kobe Gossensek (Lotto Soudal). Tropela lasai zihoan. Baina Borak aginte makila hartu duenean, aldea murrizten hasi da, eta 42 kilometroren faltan harrapatu egin dituzte. Gainera, Valico della Sommako igoeran (4,8 KM %6,1), hainbat txirrindulari bizkor atzean geratu dira, tartean Dylan Groenewegem (Jumbo) eta Tim Merlier (Alpecin). Campezo sul Citunnoko tarteko helmugan agertu dira sailkapen nagusiko buruan dauden txirrindulariak, Evenepoelek hiru segundoko saria lortu du, eta Bernalek bat.
Azken kilometroetan izandako eroriko batek atzean utzi ditu hainbat txirrindulari, eta azken txanpara hamabost bat iritsi dira. Gaviria jakitun zen gurpil ona Saganena zela, baina berak jo nahi izan du aurrena, eta Juan Sebastian Molano taldekideari agindu dio esprinta abiatzeko. Sagan, ordea, ez zegoen beste aukera bat galtzeko. Hala, berehala erantzun du, Molanori aurre hartuz eta garaipena lortuz. 117. garaipena du.