Bi partida jokatuta, punturik lortu gabe jarraitzen dute Maria Lopez de Egilaz eta Rocio Ibarra hockey jokalariek. Herbehereen aurka jipoia hartu ondoren, Txina izan du aurrean Espainiako selekzioak, baina ezin izan du punturik bildu; hori horrela, Hego Korearekin berdinduta dago, multzoaren azken bi postuetan.
Espainiak atzeko lerroan eginiko huts batek ekarri du Yudiao Zhaok zortzigarren minutuan lehen gola sartzea. Espainiak emaitza berdintzeko aukerak izan baditu ere, Txinak aldea zabaldu du bigarren laurdenean, Yang Pengek sarturiko gol baten bidez. Hirugarren eta laugarren laurdenetan, Espainiak erasora jo du (sei penalti korner izan ditu alde), baina Txinak ongi eutsi dio abantailari, eta 2-0koarekin amaitu da partida.
Asteazkenean Zeelanda Berriari irabazi beharko diote Lopez de Egilazek eta Ibarrak, Olinpiar Jokoetan aurrera egiteko aukera izan nahi badute.