Saizen hamaikagarren perla

ONCE-Eroskiko Isidro Nozal nagusitu zen erlojupekoan, faborito ia denei 1,30eko errenta kenduta eta lidergoa sendotuta; dotore aritu ziren oso Beltran eta Moller; txukun Igor Galdeano, Aitor Gonzalez eta Heras, eta pattal Casero eta Sevilla

Andoni Urbistondo.
2003ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Manuel Saiz langabeziaren atarian egotea ere bada bitxia. ONCE-Eroskiko kirol zuzendariak aldeko eta kontrako iritzi asko sortzen ditu, mingaina astindu zalea baita, baina bere gidaritza, begi ona eta eskarmentua eztabaida orotik kanpo dago. Tropeleko onenetakoa delako zeregin horretan. Are gehiago erlojupeko bat dagoenean jokoan. Saizek bakarkako diziplinan lan bikaina egin dezaketen txirrindulariak bere aginduetara edukitzeko duen abilezia nabarmendu zen erlojupekoan. Nork pentsa zezakeen Isidro Nozal liderra halako balentria egiteko gai zenik? Inor gutxik, eta gutxi horien artean, Manuel Saizek.

Nozalek erakustaldia eman zuen atzo. Aho bete hortz utzi zituen kazetari, taldekide, lankide eta gainerakoak. Litekeena da hala geratu ez zen bakarretakoa Saiz izatea. Nozal da Saizen hamaikagarren perla. Alcobendasko Sarian erlojupekoa irabazi zuela bagenekien, baina koska handia dago lorpen hura eta atzokoaren artean. Millarri, tropeleko espezialista onenetakoari, 1,20ko aldea kentzea, ez da txantxa. Kontu serioa da, era berean, Vuelta irabazteko hautagaiari, Igor Galdeanori, 1,37 jatea.

Nozal gaur dena izan ziren bere garaian Melcior Mauri edo Santos Gonzalez. Nozalek atzo egin zuena egin zuten 1991n Maurik eta 2000n Gonzalezek. Maurik Vuelta irabazi zuen orain 12 urte, Saizen liderra Marino Lejarreta zela. Santos Gonzalez ez zen hainbesteraino heldu. Laugarren sailkatu zen orain hiru urte, Olano taldeburu zela. Nozalek antzekorik egingo duen da zalantza orain. Nozal ez da txukunegi moldatu oraino mendate handietan, baina Mauri eta Gonzalez ere ez ziren trebeegiak. Erlojupekoetan egindako lan bikaina izan zen euren emaitza onaren giltza Vueltako behin betiko sailkapen nagusian. Oraingoz, bide beretik doa Nozal, probako liderra. Ikusteko dago aurrekoak bezain distiratsua izango den ala ez.>

Nozal izan zen onena tarteko denboretan

David Millar zen erlojupekoa irabazteko hautagaietako bat. Dotore bete zuenbere lana Miarritzen (Lapurdi) bizi den eskoziarrak. Aitor Gonzalezek eta Angel Caserok zailtasun handiak izan zituzten ibilbideko lehen erdian. Haizea kontra izan zuten txirrindulariek han. Bitxia izan zen oso Gonzalez eta Casero, ordokizale peto bi, bizikletaren dantza etengabera moldatu ezinda ikustea. Erritmo egokia ezin lortuz ibili zen Gonzalez, 55 hortzeko platera kendu gabe egin baitzuen erlojupekoa. Arinago, alaiago, zihoan Casero, baina bistan da, abiadura txikiagoan, denbora okerragoa (44 segundo gehiago) egin baitzuen.

Erlojupeko orekatuena Nozalek berak egin zuen. Egurrean hasi, egurrean jarraitu eta egurrean bukatu. Onena izan zen tarteko erreferentzia guztietan. Ustekabe onenen artean, bi izen, igotzaileak biak: Manuel Beltran (US Postal) eta Klaus Möller (Maia). Beltran seigarren izan zen etapan, 1,56ra eta Moller zazpigarren, 1,57ra. Beltranek minutu piloa galdu du orain arteko erlojupeko denetan. Mendian gora orain arte erakutsi duen erraztasunari eusten badio, zaintzeko moduko txirrindularia izango da Pirinioetan.

Txukun aritu ziren Aitor Gonzalez, Igor Galdeano arabarra eta Roberto Heras. Gonzalezek eta Igorrek ez zuten kronometroa hautsi, baina ondo aritu ziren. Lehenengoa Heras igotzailearengana hurbildu da sailkapen nagusian eta Igor, eroso dago, Nozalen ondoren. Beltran dauka 15 segundora; bi minutura Heras eta Frigo eta hiru minutura Aitor Gonzalez. Herasek ere badu kontent egoteko motiborik. Oso bihurria zen erlojupekoa berarentzat, baina 2,15 bakarrik kendu zizkion Galdeanok.

Angel Caserok eta Oscar Sevillak, aldiz, badute arduratzeko arrazoirik. Igotzaileekiko denbora irabazteko aukera bikaina galdu zuelako lehenak, eta espero baino askoz denbora gehiago galdu zuelako Sevillak. 5,35era dago lehena sailkapen nagusian eta 7,26ra bigarrena. Atzerapen gaindiezina, ia-ia.>

Pirinioetako hiru etapa gogor jarraian

Pirinioetako hiru etapa jokatuko dira gaur, bihar eta etzi. Vuelta bi edo hiru txirrindulariren arteko lehia izango da Pirinioen bukaeran, ondo bidean. Zaila da hiruretan zailena zein izan litekeen zehaztea, baina lehenengoak beti du arrisku gehien, ordekatik aldaparako jauzia nekeza egiten zaielako askori. Aubisque eta Cauterets-Le Cambasque dira gaurko mendate pikoenak. Bihar Peyresourde eta Portillon pikoak igoko dira eta Pla de Beret luze baina etzanean bukatu. Etzi garaiera izango da aintzat hartzeko ezaugarria. 2.000 metrotik gora dituzte Bonaiguak eta Envalirak. Banestok, US Postalek eta Euskaltel-Euskadik dute lasterketa mugitzeko beharra, euren gunean baitaude. Urruneko erasoak egon ezkero triskantza handia izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.