Oharkabean egoten da askotan talentua. Erdi ezkutaturik. Konfiantza gutxiko pertsona batean, fisiko ahul batean edo gorputz txiki batean. Sekula ez da bere kabuz garatzen, eta zortearen, lanaren eta beste hainbat dohainen beharra du goia jotzeko. Aurreiritziek ere ito dezakete. Ingurukoen begirada zorrotzak, eta zenbaitetan murritzak. Galde diezaiotela, bestela, Antoine Griezmanni (Macon, Frantzia, 1991). Duela bi urte, 18 urte bete berritan, inor gutxik esango zuen gaur dagoen tokian egongo zenik. Baina pieza guztiekin uztartu eta lokarriak askatu egiten dituenean, ahaltsua da talentua. Logikak ezarritako epe guztiak txiki-txiki egin, eta bere burua aldarrikatzen du, ozen, harro.
Oso denbora gutxi behar izan du Griezmannek hori lortzeko. Realeko jokalaririk gazteena da, 20 urterekin. Martxoaren 21ean jaio zen, Ronaldinho, Lotar Matthaus, Ronald Koeman eta Ayrton Senna bezalaxe. Bigarren urtea du lehen taldean, ustez zailena, eta dagoeneko erakutsi du jokalaririk erabakigarrienetakoa dela. Talde kirola da futbola, eta beti eduki behar da hori kontuan merituak banatzerakoan, baina joan den igandean salbatzailearen rola jokatu zuen Griezmannek. Bi golak sartu zituen. Buruz bata, zailena, markagailua ireki zuena. Eta zorte handi samarrarekin bestea, Bigarren Maila gertuago ikusten hasiak ziren ikusleak erotu zituena. Aldaratzeak aldaratze, behar zuen tokian agertu zen frantziarra: area ertzean.
Ez zuen partida ikusgarririk jokatu. Ez berak eta ez taldeak. Baina bi gol horiek bizitza ematen diote Realari. Erremediorik gabe ari zen hondoratzen. Ez zuen ez jokorik erakusten, ezta emaitzarik lortzen ere, eta halakoetan ezinbestekoa da irabaztea, gaizki jokatuta ere, dinamika aldatzeko. Borrokan jarraitu beharko du taldeak, gutxienez beste garaipen bat beharko duelako, egutegia ere ez delako samurrena eta beheko taldeak ez daudelako amore emateko, baina hiru puntuek sekulako balioa dute. Hotzikara ematen du berdindu edo galduz gero nola geldituko zen pentsatzeak: jaisteko postuetatik oso gertu, eta batere konfiantzarik gabe.
Ez da Griezmannek eragin suspertzailea duen lehen aldia. Iaz, igoera lortu arren, triste hasi zen Reala. Jonathan Estradaren alde egin zuen Martin Lasartek lehen lau norgehiagoketan. Haren fitxaketa zen. Ez zuen asmatu, ordea, eta bosgarren jardunaldian, Huescaren aurkako partidan, hasierako hamaikakoan jarri zuen Griezmann, Anoetan. Norgehiagoka itxia eta grisa zihoan, atsedenaldia gertu zela frantziarrak eskuinkada bortitza jo eta lehen gola lortu arte. Orduan hasi zitzaizkion Realari gauzak behar bezala joaten. Denboraldi bukaeran ere, taldea bolada txarrean sartu zenean, haren jokoa eta paseak erabakigarriak izan ziren igoera ziurtatzeko, Vila-real B, Cadiz eta Celtaren aurkako partida magikoetan.
Baina gozotik bakarrik ez, gazitik ere izan zuen frantziarrak. Lehen taldearekin nabarmentzen hasi orduko, Eric Olahtsi salaketa jarri zioten. Ipar Euskal Herrian eta Frantzian Realarentzat begirale lanak egiten zituen Olahtsek. Berak deskubritu zuen Griezmann, eta berak ekarri zuen Realera. Etxean hartu zuen, seme bat gehiago balitz bezala. Gerora errugabe deklaratu dute, baina, afera zela eta, kontratua eten zion Realak, eta Nsueren etxera joan behar izan zuen erdilariak. Hori bakarrik ez, eta ospeak dakarren guztiari aurre egin behar: eskaera eta tentazio ugari, benetako lagunen eta interesatuen artean bereizi, laudorioekin ez itsutu, bizitza normala egiten ikasi edo saiatu…
Erronka ugari
Kirol arloan ere, erronka ugari izan zituen oso denbora gutxian: igoera lortu ondoren, 19 urtez azpiko Europako Txapelketa jokatu eta irabazi zuen. Oso berandu eta partida pila jokatuta egin zuen bat taldekideekin denboraldi-aurrean. Sutil fitxatu zuen Realak, harekin Lehen Mailan erantzukizuna partekatzeko eta postuarengatik lehiatzeko. Bigarren B mailatik zetorren Sutil, eta ilusiorik eta goserik ez zitzaion faltako Griezmanni gauzak estu jartzeko. Hala egin zuen lehen partidetan, baina lesioekin arazo handiak izan zituen, eta ezker hegalaren jaun eta jabe egin zen Griezmann berehala. Berak sartu du taldearen gol gehien jada, zazpi, eta Bravo, Ansotegi, Prieto eta Mikel Gonzalezek bakarrik jokatu dute gehiago.
Nolanahi ere, denboraldi honetan ere izan du gorabeherarik. Atletico Madrilen aurkako partidan, Anoetan, bere aginduak ez betetzeagatik aldatu zuen bigarren zatian Lasartek. Getafen gola ospatzean egindako keinuak ere entrenatzailea haserretu eta zeresana eman zuen. Oro har, ordea, ondo eraman du uruguaitarrak, eta esker oneko hitzak baino ez dituzte elkarrentzat. Bizipen txarrik ez du izan Griezmannek Realean. Taldekide askok ez bezala, jaitsi aurreko eta ondorengo urte nahasiak ez ditu ezagutu, eta energia positibo hori, gaztetasunak ematen dio axolagabetasun alaia, oso onuragarria izan da klubarentzat eta zaleentzat. Haren ospakizunak ikusi besterik ez dago.
Jokalari gisa hazteko, tarte handia du. Saiatua da defentsan. Askorentzat ezustean, gabezia handirik ez du erakutsi alor horretan. Erasoan, berriz, Realak ezker hegalean zuen betiereko zuloa betetzea egokitu zaio, baina min handia egiten du erdira egitean, eta mugitzeko askatasuna ematen bazaio askoz ere arriskutsuagoa izan daitekeela ematen du. Etorkizunak esango du. Dagoeneko Europako talde askoren interesa piztu du. Aste honetan bertan, hamaikakorik onenean sartu du L'Equipe egunkari famatuak. Luze gabe beste talde batera joatea eta Realean dirua uztea da haren patua, itxura guztien arabera. Bitartean, jarrai dezala salbatzailearena egiten.
Salbatzailearena
Oso denbora gutxian, Realeko jokalari erabakigarrienetakoa dela erakutsi du Antoine Griezmannek. Berak sartu du taldearen gol gehien: zazpi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu