TXIRRINDULARITZA

Sam Bennettek irabazi du Tourreko etapa, esprintean

Irlandarra Ewan eta Sagani gailendu zaie azken metroetan. Haizeak ez du triskantzarik eragin, eta Roglicek arazorik gabe eutsi dio lidergoari

Sam Bennett nagusi gaurko etapan. EFE
enaut agirrebengoa
2020ko irailaren 8a
17:51
Entzun

Hunkituta bukatu du Sam Bennettek (Deceuninck) Tourreko 10. etapa. Ez da gutxiagorako, aurrenekoz altxatu baititu besoak Frantziako lasterketa nagusian. Esprintean gailendu da, nola ez, Caleb Ewan (Lotto Soudal) eta Peter Saganen (Bora) aurretik. Etapa urduria izan da, haizearen mehatxuaren ondorioz, baina ez da gorabehera handirik izan. Faborito guztiak batera helmugaratu dira, eta ez da aldaketarik izan sailkapen nagusian. Primoz Roglicek (Jumbo Visma) jarraitzen du lehen postuan.

Tentsioa izan dira etapa hasi aurreko orduetan, baita lasterketako lehen kilometroetan ere. Saihetseko haizearen beldur ziren taldeak, eta, badaezpada, erritmo bizia jarri dute hasieratik. Haize babesak edozein momentutan sortu zitezkeen. Helmugatik 100 kilometrora piztu da sua, Deceuninckek egindako estutuarekin. Ez da etenik izan, baina tropelaren abiadurak izan du ondoriorik: ezerezean gelditu da Michael Scharrek (CCC) eta Stefan Kungek (Groupama) etapa hasi eta berehala osaturiko ihesaldia.

Gauzak baretu egin dira gero, haizeak indarra galdu eta norabidez aldatzearekin batera. Alta, tentsioa ez da erabat desagertu, eta eroriko jendetsua izan da helmugatik 64 kilometrora. Bertan ziren, besteak beste, Tadej Pogacar (UAE) eta Guillaume Martin (Cofidis). Tropelak ez du erritmoa bizitu, eta arazo handiegirik gabe itzuli dira.

Iragarpenen arabera, haizeak gogor jo zezakeen berriro azken 20 kilometroetan. Sarraskia izan zitekeen Re-ko irlara doan zubian. Tropela ziztu bizian hurbildu da, eta etena izan da atzealdean. Une horretan, beste eroriko bat izan da urduritasunaren ondorioz, eta moztuta gelditu da Miguel Angel Lopez (Astana). Haatik, zubian ez da zalapartarik izan, aurrez jotzen baitzuen haizeak.

Amaiera espero baino lasaiagoa izan da, eta esprintean erabaki da. Sunwebek hartu du gidaritza; errematean, berriz, Bennettek asmatu du. Soilik Ewanek jarri du ezbaian irlandarraren garaipena, azken unean estututa. Koska bat beherago izan dira gainontzeko esprinterrak. Biharkoa ere azkarrenentzako etapa izango da. Izan ere, laugarren mailako mendate bat baino ez da izango 167,5 kilometroko ibilbidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.