Samina gozatu nahia

Azken porrotak eragindako ezkortasuna uxatu nahi dute gorritxoek gaur, Xerezen aurkako Espainiako Kopako kanporaketan

Iruñea
2009ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Osasunak itxura negargarria eman zuen herenegun Almerian jokatutako lehian, eta taldearen inguruko gehiegizko baikortasunak ezkortasunera jo du orain. Zorionez, zalantzak argitzeko aukera berehalakoan iritsi zaie gorritxoei Espainiako Kopari esker, eta Ligako azken atsekabea ahazteko asmoz zelairatuko dira gaur Jose Antonio Camachoren jokalariak Xerezen aurka. Joanekoan 1-2 irabazi ostean, Jose Angel Zigandak entrenatutako taldea kanporatzea erraza izan daitekeela dirudi -0-1 galdu arren ere kanporaketa gaindituko lukete nafarrek-, baina Osasunak zein itxura ematen duen ikusi beharko da. Etxeko azken partidetan Atletico Madril eta Bartzelonaren aurka jokatu bezala jokatzen badute, kanporaketa gorritxoena izango da, igandean Almerian bezala jokatuz gero, ordea, ustekabea eman dezake Xerezek.

Teorian, Kopak ez du Ligarekin zerikusirik, eta hasieratik ariko diren hamaika jokalariak aztertuz gero, taldeak berak ere ez du igandean Almerian zelairatutakoaren antzik izango.

Jokalariekin haserre azaldu zen Camacho Almeriako partidaren ostean. Beharrezko motibaziorik gabe zelairatu zirela salatu zuen partida osteko prentsaurrekoan. Eta iragan aste osoan entzundako laudorioek eta baikortasun hitzek jokalariei oker eragin zietela ere eman zuen aditzera gorritxoen entrenatzaileak. Eta Camacho ezin da bigarrenez tronpatu gaur. Hasieratik jarriko dituen jokalariak zelaira behar bezala motibatuta irtetea ezinbestekoa da.

Halere, herenegun baino dezente lasaiago zegoen Camacho atzo. «Bartzelonaren aurka bezain motibatuta ez jokatzea Almerian ulergarria ere izan daiteke, talde guztiei pasatzen zaie. Etxeko partidetan erakutsitako mentalitatea falta izan zitzaigun, eta noski, berdintasun handia dago Ligan, eta motibazioa edo erritmoa apur bat jaitsiz gero, galdu egiten da. Kopan ez da errepikatuko, dena dela. Beste jokalari batzuk izango ditugulako zelaian, besteak beste, eta Ligan ere ekarpena egin dezaketela erakustera zelairatu behar dute jokalari horiek», adierazi zuen atzo Camachok. Almeriakoa ahaztu eta arreta guztia Kopan jarri nahi du entrenatzaile espainiarrak: «Golik ez jasotzeak kanporaketa gainditzea ziurtatzen digu, bainaatea hutsean eustearekin soilik ezin dugu pentsatu».

Oier, gripeak jota

Partidarako deialdia gaur goizeko lan saioaren ostean ezagutaraziko du Camachok, baina Xerezen joanekoan hasieratik jarri zuen hamaikakoarekin alderatuz gero hiruzpalau aldaketa egongo direla baieztatu zuen atzo: «Lerro guztietan aldaketa bana izan daiteke». Xerezen partida osoa jokatu zuen Oier Sanjurjok ezingo du gaur jokatu ziurrenik. Atzo ez zuen entrenatzerik izan, gripeak jota zegoelako, eta seguruenik gaur iluntzeko norgehiagokarako deialditik at geratuko da. Azpilikuetak har dezake haren tokia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.