Samuel Sanchez Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak adierazi du haustura batzuk dituen arren Londresko Olinpiar Jokoetan parte hartu nahi duela. Hilaren 28an izango da errepide proba, eta Espainiako selekzioarekin aritzeko deia jaso zuen.
Atzo erorikoa izan zuen Frantziako Tourreko 8. etapan eta, ezker lepauztaia eta eskuin eskuko hirugarren hatzeko hezurra hautsita, lasterketa utzi behar izan zuen. Gaur prentsaurrekoa eman du Bilbon, azterketa medikuak egin ondoren.
Duela lau urte Pekinen urrezko domina irabazi zuen, errepide proban.
Euskaltel-Euskadiri soilik bost txirrindulari geratzen zaizkio tropelean
Egun beltza izan zen atzo Frantziako Tourrean Euskaltel-Euskadi taldearentzat. Samuel Sanchezek eta Gorka Verdugok lasterketa utzi behar izan zuten, eta Euskaltel soilik bost txirrindularirekin geratu da Tourrean: Gorka Izagirre, Pablo Urtasun, Ruben Perez, Egoi Martinez eta Jorge Azanzarekin.
Sanchez taldeko liderra 56. kilometroan erori zen, beste txirrindulari batzuekin batera. Aurreko urteetan lasterketa onak egin ditu Tourrean, eta aurten, aitortu zuenez, azken egunetarako ari zen indarrak gordetzen.
Etapa gogorra izan zen atzokoa, eta Thibaut Pinotek (FDJ) irabazi zuen. Verdugok aurreko eroriko batean jasan zuen zauriaren ondorioz utzi behar izan zuen karrera.