«Kalkulurik baikorrenetan ere ez genuen espero une honetan, igotzea dagokigun malkarrari ekin aurretik, sei puntu izango genituenik. Horrek Bartzelonari aurre egiteko lasaitasuna eman digu. Kale edo bale ariko gara, ea zer gertatzen den». Juantxo Apezetxea Amaya Sport San Antonioko entrenatzaileak azaldu du egokien Iruñeko taldeak Bartzelona etorri bezperan bizi duen giroa. Erabat motibatuta dauzka jokalariak, baikor, azkena etxetik kanpo Alcobendasen lortutako garaipenak eman dien arnasak lasaituta. Jokoari, aurrekontuari eta sailkapenari begira Bartzelona une honetan San Antonio baino gehiago dela badakite, baina haiek estu, ahalik eta estuen, hartzea da euren helburua (20:30).
Apezetxeak ez ditu jokalari guztiak jokatzeko moduan. Javier Humetek apurtuta dauka eskuin eskuko hirugarren atzamarra, eta ez da ariko. Santi Urdialesek ere denbora darama min hartuta, eta azken unea arte ez da jakingo jokatuko duen edo ez. Litekeena da hamahiru jokalarik bakarrik osatzea deialdia, baina galtzekorik ezer ez dutela nabarmendu du du Apezetxeak. «Badakigu une honetan Bartzelona ukiezina dela. Azkena lortu dituen emaitzei erreparatu besterik ez dago. Celjeri hamaika golen aldeaz irabazi zion, Guadalajaran eta Toledon irabazi zituen partidak, sekulako taldea dauka, eta izugarrizko erritmoan ari dira jokatzen. Baina eskubaloia ez da zientzia zehatz bat. Lotsagabe irteten bagara, min egingo diegu».
Bartzelona sasoiko
Eta ez zaio arrazoirik falta Apezetxeari Bartzelonaren sasoiari dagokionez. Larunbatean sekulako partida jokatu zuten Txapeldunen Ligan, eta Celje talde indartsua jipoitu zuten (44-33). Hori gutxi ez, eta partida hura jokatzerik izan ez zuten zenbait jokalari jokatzeko prest izango ditu berriro Xavi Pascual entrenatzaileak. Tartean, besteak beste, Laszlo Nagy. «Sekulako partida egin genuen larunbatean, baina hau beste bat da. Bide beretik jarraitzea da orain helburua», nabarmendu du Pascualek berak.
San Antonio Bartzelonari aurre egiten saiatuko da gaur, Iruñean
Azkena etxetik kanpora irabazitako partidak arnasa eman die nafarrei, eta galtzeko ezer ez dutela ariko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu