Eskubaloia. Asobal liga

San Antoniok Huescaren pistan hasiko du Liga, gaur

Anaitasunak, berriz, Granollersen aurka jokatuko du bihar denboraldiko estreinako partida

edurne elizondo
Iruñea
2011ko irailaren 9a
00:00
Entzun
San Antoniok irabaziz hasi nahi du denboraldia, eta jokoan diren bi puntuak lortzen saiatuko da gaur Huescaren kontrako partidan. Aurkariaren pistan ariko dira nafarrak, 21:00etatik aurrera.

Asobal ligara igo berria da Huesca. Igotzeko lan egin zuten jokalarien artean zegoen aurreko sasoian Luisfe Jimenez Reina, egun San Antonioko jokalaria. Harekin batera, Iñaki Peciña, David Jimenez, Danimir Curkovic, Julen Lopez eta Iso Sluijtersiritsi dira taldea sendotzera.«Partida berezia izanen da. Bitxia da lehendabiziko norgehiagoka taldekide ohien aurka jokatzea egokitzea», onartu du Jimenez Reinak.

Albokoakez du zalantzarik Iruñeko taldeak irabaziko duela partida. Hala ere, Huesca kontuz ibiltzeko aurkaria izanen dela azpimarratu du. «Igo berria izanik, gu ezustean harrapatzen saiatuko dira jokalariak. Jarrera izanen dute lagun, galtzeko deus ez baitute».

Jimenez Reinak badaki San Antoniok zer hobetu baduela oraindik ere. Eta lanean jarraitzeko gogoz dela gaineratu du. Defentsa izanen da landu beharreko esparru nagusietako bat, hori izan baita beti nafarren ikur nagusia. «Huescaren aurka, hain zuzen, defentsa izan daiteke bi puntuak lortzeko gure armarik eraginkorrena», erran du jokalariak.

Anaitasuna, bihar

Anaitasunak bihar ekinen dio Asobal ligari, 28 urteko itxaronaldi luzea eta gero. Ez zaio batere aurkari erraza egokitu denboraldiko aurreneko partidarako, bere pistan harresi bilakatzen baita Granollers. Nafarrak, hain zuzen, Katalunian ariko dira, bihar 18:30ean hasita.

Azken egunotako azken orduko kontuak bazter batean uzteko eta bere indarrak neurtzeko lehendabiziko aukera izanen du Anaitasunak Granollersen aurkako biharko partidan: Asobalen aritzeko maila baduela agerian uzteko lehendabiziko aukera. Hemezortzi jokalarik osatzen dute Anaitasunak aurtengo sasoirako prestatu duen taldea. Pierre-Yves Ragot frantziarra izan da Anaitasunako kideek fitxatu duten azken jokalaria. Astebetez aritu zen Ragot Anaitasunako gainerako jokalariekin lanean eta entrenamendu saioetan parte hartzen, taldeak kontratatzeko erabakia hartu baino lehen. Etxaburu kontent gelditu da erdiko frantziarrak erakutsi duenarekin eta eman duen mailarekin.

Azken asteotako erabakiek izan dute eraginik kirol esparruan, noski, eta hasierako asmoak aldatu behar izan dituzte Anaitasunan. Etxaburuk ez du izan Granollersen aurkako partida prestatzeko nahi adina denborarik eta lasaitasunik, baina Ligak ez du denbora gehiagorik ematen. Martxan jartzeko ordua da. Hasi da lehiaketa, hasi da borroka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.