Zozketa aldekoa izan du Amaya Sport San Antoniok, eta Bosniako Izvidac taldea egokitu zaio aurkari, Europako Errekopako final-zortzirenetan. Juanto Apezetxea entrenatzailearen nahia, beraz, bete egin da, Alemaniako Gummersbach eta Frantziako Temblay bazter utzi baititu Iruñeko taldeak, oraingoz behintzat.
Talde horien aldean, mendean hartzeko moduko aurkaria izan daiteke Izvidac San Antoniorentzat. Hagitz talde gaztea da, 20 urtekoa baita jokalarien batez besteko adina. Apezetxea, hala ere, ez da fidatzen, eta aurkariari buruz informazio gutxi izateak kezkatzen duela onartu du. «Haien joko sistemari buruz deus ez dakigu; dakigun gauza bakarra da Turkiako Izmir erraz hartu zutela mendean final-hamaseirenetan», erran du.
Partiden ordenarekin, halaber, ez dago kontent San Antonioko entrenatzailea. Joanekoa Iruñean jokatuko da, datorren otsailaren 19an edo 20an; eta itzulikoa, berriz, Bosnian, hil horren 26an edo 27an. «Bidaia ez da batere erosoa izanen guretzat». Aste berean, gainera, Port Sagunten pistan ariko da San Antonio Ligan.
Ljubuski hiriko taldea klasikoa da Europako lehiaketan. 2004-2005 denboraldian lortu zuen emaitzik onena. Europako Errekopako finalerdietara iritsi zen, baina Ademar Leonek bidea moztu zion. Sasoi honetan Izmir Turkiako taldea kanporatu zuen final-hamaseirenetan. Bi partidak irabazi zizkion.
Izvidacek 11 aldiz irabazi du Bosniako Liga, eta hamar aldiz Kopa. Silvijo Ivandija da entrenatzailea. Jokalariei dagokienez, Balkanetakoak dira guztiak, kroaziarrak eta bosniarrak gehienak. Ligako lehen sailkatua da, Bosnia Sarajevo egungo txapeldunak bi partida gutxiago jokatu baititu. Izvidacek zortzi partida jokatu ditu: zazpi irabazi ditu, eta bakarra galdu, Bosnia Sarajevoren aurka, hain zuzen ere.
San Antoniok zortea izan du
Iruindarrek Izvidac Bosniako taldearen aurka jokatuko dute Europako Errekopako final-zortzirenetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu