Amaya Sport San Antonio Iruñeko taldeko kideek iragarri dute bihar Espainiako Asobal Ligako partidako lehen minutuan protesta egingo dutela, klubak ez dielako ordaindu azkeneko hilabeteko soldata. Irudi eskubideengatik azken urte erdian dagokiena ere ez dute jaso, gaur esan dutenez.
"Ekintzak oihartzuna izatea nahi dugu, ea enpresaren bat azaltzen den klubari laguntzeko", adierazi du Victor Alvarez jokalariak.
San Antonio bihar Ademarren aurka ariko da, etxean, 20:30ean. Taldekideek ez dute zehaztu zer-nolako protesta egingo duten. "Ez dakigu zer egingo dugun: pistan edo aulkian eseri, edo palkoari bizkarra eman...". Epaileei eta Ademarri iragarria diete protesta egingo dutela. Araudiak dio kirolaren kontrako jarrera dela partidan bertan halakoren bat egitea.