Bi arrazoirengatik ikertuko duela jakinarazi zuen Europako Batzordeak Bilboko kluba. Batetik, Osasuna bezala, elkarte anonimo ez delako. Bestetik, ordea, San Mames Barria eraikitzeko sortu zen elkarte publikoa dela-eta irregulartasunak egon zitezkeelakoan. San Mamesekoa, ordea, ikerketa txostenetik kanpo uztea erabaki du Batzordeak, finantzazioan irregulartasunik ez dela izan ebatzita.
Athletic ez ikertzeaz gain, 2016ko Eurokoparako futbol zelaien eraikuntzaren finantzazioan Frantziak laguntzea baimendu du. 1.052 milioi euro emango ditu Frantziak horretarako eta Batzordeak esan du legezkoa dela. Azpimarratu du 2016. urtearen ondoren ere hainbat erabilera izango dituztela futbol zelai horiek.
Athleticen eta Osasunaren izaerari buruzko auzia, ordea, ireki du Batzordeak. Bruselak uste du arau komunitarioak hauts litzakeen onurak baliatu dituztela azterketa gai diren klubok. Batzordeak ikertuko ditu 1990etik Real Madrili, Bartzelonari, Athletici eta Osasunari emandako balizko onura fiskalak.
Lau taldeok "elkarte anonimo bilakatzeko duten betebehar orokorretik kanpo daude" Almuniaren hitzetan, eta ez ziren beste batzuk bezala elkarte anonimo bihurtu. Beraz, elkarte anonimoei irabazien zergetan aplikatzen zaien %30aren ordez, %25 ezartzen zaie. Hori ikertuko du Batzordeak.