Gola: 1-0: Ismael Lopez (13. min.); 1-1: Delic (18. min); 2-1: Susaeta (19. min); 3-1: Ismael Lopez (68. min.) Epailea: Sergii Boiko (Ukraina). Txartel horia Slaveneko Marasi. Bestelakoak: 30.000 ikusle inguru San Mamesen.
Euskal Herriko zenbat bazterretan ote dira festak egunotan. Pentsa, Bilboko Aste Nagusia ere ate joka dago. Eta festetan ohikoa izaten dira zezenketak. Ordea, zezen plazara ez, San Mamesera joan ziren atzo zaleak zezenketa antzeko bat ikustera. Izan ere, Athleticek torero lanak egin zituen, eta Slavenek zezenarenak. 90 minutuak baloiaren atzetik lasterka igaro zituen, errekortari onenaren moduan, baina azkenean ez zuen emaitza txarra eskuratu, zuri-gorrien kalterako. Athleticek partida txukuna egin zuen, eta bideratuta utzi kanporaketa, baina jokoan egon zen aldea ikusita gehiago lor zezakeen. Ate aurrean oraindik badauka zer hobetua Bielsaren taldeak.
Partida osoaren isla besterik ez ziren izan lehenengo minutuak. Athleticek jo zuen musika, eta Slavenek dantzatu. Ongi dantzatu, gainera, alde batera eta bestera, musikaren erritmoan. Zuri-gorriek bizi ekin zieten lehiari, eta arerioari ez zioten arnasa hartzeko betarik ere eman. Baloia galdu orduko berreskuratzen zuten, nahiz gero oso fin ez aritu. Bosgarren minutuan iritsi zen etxekoen estreinako aukera. Iñigo Perezek eta Isma Lopezek txukun bete zuten ezker hegaleko lana. Bada, bien arteko jokaldi bat Toquerok errematatu zuen buruz, eta gutxigatik joan zen kanpora.
Hortik aurrerakoak ez zuen misterio handirik izan. Athletic horma baten kontra aritu zen. Futbolean baino pilotan ari zela zirudien. Frontoiko hormak, baina, bueltan itzultzen zuen baloia, ez zuen sareetan bukatzen. Esaterako, 13. minutuan atezainak geratu zuen De Marcosen jaurtiketa bat. Ordea, ikusten zen lehenago edo beranduago helduko zela gola, eta bai, neurketaren ordu laurdena bete bezain pronto Ismael Lopezek jarri zituen zutik zaleak. Aldaratze batean ez zuen hutsik egin, eta taldeak konfiantza hartu zuen gol horri esker.
Konfiantza gehiegi, akaso. Iazko sasoian mamuak ibili ziren San Mamesen, eta ordutik ez dute ikasi jokalari zuri-gorriek. Markagailuan aurrea hartzea ez da aski, horri jarraipena eman behar zaio. Baina ez. Slavenek gola egitea behar izan zuen horretaz jabetzeko. Bielsaren orroek ere ez dute nonbait, asko balio. Alboko sake batean lo egon ziren Athleticeko atzelariak, eta Delicek ez zuen barkatu. Kalitatez ez dira onak Kroaziako jokalariak, baina tontoak ere ez, eta hatza ahoan sartuz gero kosk egiten badakite.
Eskerrak hurrengo jokaldian aurkitu zuen irtenbidea Susaetak, bestela ez zen giro izango atsedenaldian Athleticen aldagelan. Toqueroren erdiraketa bat De Marcosek errematatu zuen, eta Susaetak desbideratu. Bada, sareetan amaitu zuen baloiak, eta berriz ere aurretik jarri ziren zuri-gorriak, 19. minutuan. Arnasa eman zion golak Bilboko taldeari, baina ez zuen jakin izan jokoan erakutsitako nagusitasuna emaitzara eramaten. Pentsa, baloi jabetza kontuan hartuta, lehen zatian %80ekoa eduki zuen Athleticek, baina aurreko lerroan ez zen behar bezala ibili. Toquerok freskotasuna eman zion taldeari, eta lehiakor aritu zen, baina lehengo sendagaia falta zaio: gola. 26. minutuan aukera ederra izan zuen, Ibai Gomezek 30.enean bezalaxe, baina ez zituzten baliatu.
Gol falta ikusita, Bielsak bi aldaketa egin zituen hamaikakoan, eta horietako bat aurreko lerroan. Ibai Gomez ez zen esperotako mailan aritu, eta Fernando Llorente erregea zelairatu zuen argentinar entrenatzaileak. Beste aldaketa atzean egin zuen, Ekiza Ramalhoren ordez jarrita. Azken horren lana goraipatzekoa izan zen. Athleticen bigarren taldeko fitxa dauka oraindik, baina ziurrenik onenekin batera egingo du aurtengo denboraldia. Atzo Ekizaren eta San Joseren aurretik dagoela erakutsi zuen Bielsak.
Aldaketak aldaketa, ez zuen nahi bezalako fruiturik jaso Athleticek. Josu Urrutia presidenteak berak aitortu zuen atsedenaldian, espero zuela haren taldeak bigarren zatian gol gehiago egitea. Eta logikoena hori izango zen, baina kosta zitzaion ederki neurria hartzen.
Amaieran, nekatuta
Slavenek lau partida jokatu ditu ligan, eta bigarren zatian hobeto moldatu zen. Nabaritu zen fisikoki hobeto daudela. Zuri-gorriak, aldiz, lan asko daukate egiteke oraindik. Gainera, jokalari asko falta dituzte, eta nahi baino gehiago igarri zen hori. Dena den, nagusitasunez aritu zen bigarren zatian ere. Gol aukerak ugari izan zituen, eta azkenean Ismael Lopezek asmatu zuen. Nork bestela. Taldearen fitxaketetako bat da Lopez, eta erakutsi zion Bielsari hasierako hamaikakoan sartzeko modukoa dela.
68. minutuan egin zuen Athleticek hirugarrena, eta pena izan zen gehiago lortu ez izana. Iñigo Perezek eta De Marcosek izan zuten beste poz bat emateko aukera, baina ez zuten baliatu. Llorentek, bestalde, ez zuen mailarik onena eman. Gainera, ukitu zuen lehen baloian txistu hotsak entzun zituen. Ez da gustura izango errioxarra. Emaitzarekin gustura egoteko moduan da Bielsaren taldea, baina Slaven ere ez da disgustuz izango. Egin zuen jokorako emaitza ona eskuratu zuen. Datorren ostegunean jokatuko da itzulerako partida, Slavenen zelaian. Hobe dute ez fiatu zuri-gorriek.
ATHLETIC 3. SLAVEN 1
San Mames izeneko zezen plaza
Athleticek hankapean ibili du erabat Slaven Koprivnica, eta oso bideratuta utzi du Europako Ligako atarikoaren kanporaketaIsmael Lopez izan da zuri-gorri onena, bi gol egin baititu; bestea Susaetak egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu