Athleticek duela hiru aste galdu zuen Ligako azken partida: Vila-realen aurka izan zen, San Mamesen. Ez zen izan etxean galdutako lehen neurketa. Askoz errazagoa da garaipenak zenbatzea. Bat, Recreativoren aurka. Athleticek sei puntu irabazi ditu etxean lehen itzulian. Ez sinestekoa.
San Mames gotorlekua izan da ia sasoi guztietan. Aurkarientzat, infernua. Aspalditxoan, ordea, puntuak irabazteko zelai ezin hobea dela uste dute bisitan etortzen diren taldeak: zelairatu, eutsi, aukera apurretako bat baliatu, eta etxera bueltan sari nagusiarekin.
Estatistikak hotzak dira, baina ez dute gezurrik esaten. Etxetik kanpo, ligako talderik onenetan laugarrena da Athletic. Etxean, berriz, eskas ari da oso. Beharbada, hauxe izango da San Mames guztia bota eta etxeko partidak Bilbotik urrun jokatzeko sasoia. Baina ez. Athleticek ez du hori egingo. Ezin du egin, zorretan dago eta. Hamabostero San Mames bete eta neurketari giro berezia ematen dion jarraitzailearekin dago zorretan.
Jarraitzaileek gehiago merezi dute. Ligako onenetakoak dira. Merezi dute garaipenez gozatzea, eta jokalariek badakite. Ezin dute, ordea, Athletic ezinean aritzen baita aurkaria ondo kokatzen denean. Baliabide gutxiko taldea da, eta baloia oinetan duenean, mugatua oso; ondorioz, joko zuzenak funtzionatzen ez badu, galduta dago.
Betisen aurkako norgehiagoka aukera ona izan daiteke etxeko bolada txarrari amaiera emateko. Partida guztiak dira onak, baina Betisen kontra irabazteak indar handia eman diezaioke taldeari. Sevillako taldeak (Espainia) Athleticek baino puntu bat gutxiago du. Beraz, irabazteak arnasa apur bat emango dio Athletici.
Aukera ona bezain azterketa gogorra izango da. Espainiarrek ez dute ezer oparituko: lanera etorriko dira, borrokarako prest. Egoera hobean egon direnean ere berdin etorri dira. Izan ere, azken sasoietan beroak izan dira oso Athleticen eta Betisen arteko partidak.
Berez partida lehiatua denari Luis Fernandezek emango dio falta zaion kolore apurra. Tarifako (Espainia) entrenatzailea San Mamesera itzuliko da. Zaleen artean zapore gozoa utzi zuen Athletic zuzendu zuen lau denboraldietan. Beraz, txaloz hartuko dute. Nola agurtuko duten, ez dago horren argi. Zaleen babesa bereganatzeko erakutsi zuen izaera berezia ez duela galdu erakutsi du Betis zuzentzen doan denbora apurrean. Norberaren talderako gustukoa dena eta aurkariak egiten duenean kritikatzen den jarrera da Luis Fernandezena: prentsa agerraldietan zirikatzailea da, partidan etengabe jarduten da zaleekin berbetan..., edozer gauza egiteko gai da neurketa berak gura duen aldera eramateko.
Manek ez dio kasurik egingo. Hori bai, Betisen aurkako partidak duen garrantziaz ohartu gura izan du. Neurketan alde batera utzi behar direla Luis Fernandezi bota beharreko loreak, alegia. Hamaikakoari dagokionez, bi izango dira berritasunak: Martinezek eta Casasek hartuko dituzte Garmendiaren eta Javi Gonzalezen postuak. Manek ez du deialdian sartu Zubiaurre. Espainiako Futbol Federazioko Eskumen Batzordeak herenegun erabaki zuen Zubiaurreri behin-behineko lizentzia ematea, betiere Athleticek Federazioko kontuan bost milioi euro sartzen baditu.
San Mamesen ez
Etxeko bolada txarra eten nahi du Athleticek gaur, Luis Fernandezen Betisi irabazita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu