Fededun izan edo ez. Erlijio batekoa edo bestekoa. Caja Laboral Baskoniak mirari baten parekoa behar du gaur Madrilen etxeko taldea menderatu eta final handia jokatzeko. San Prudentzio da Arabako patroia, eta Gasteizkoa Andre Mari Zuria. Biei batera otoi egitea onena, sinestun izanez gero. Izan ere, dena dute aurka arabarrek: bosgarren dema; bueltarik ez, galduz gero; Madrilen, epaileen inguruan bota direnak bota eta gero; zale sutsuak gasteiztarrak larrutzeko prest... Buruko borrokan ere Real Madril nagusi. Zailena egin duelako, finalerdia berdindu, dena galduta zeukanean. Errematea ematea bakarrik falta zaie orain, baina bistan da hazita daudela, eta zirrikitu gutxi ikusten da Ivanovicen taldearentzat.
Bakarren bat, bai, dena den, eta txikia izanagatik ere, aukera horri etekina ateratzen saiatu behar du Baskoniak. Zergatik? Bi orduan neurria ematen ez bada oporrak hartuko dituztelako, eta finala jokatu ezean denboraldia kaskartzat joko delako Gasteizen eta Araban. Top16tik kanpo Euroligan, finalerdietan Kopan, eta finalerdiak Ligan. Uzta apalegia, arrakastaren aparrean ibiltzen ohitua dagoen talde handi batenzat. Analisi zorrotzak, erantzukizun eskaerak, Ivanovicen jarraipenaren inguruko zurrumurru eta txutxumutxuak... Horiek guztiak saihesteko bide bakarra Real Madril garaitzea da.
Posible al da? Bai. Zaila dela? Baita. Norberak ura bere errotara eramaten saiatu behar du partida hasi aurretik, eta Baskoniak aukera bakarra du: pentsatzea Real Madril gai dela osteguneko partidako azken 15 minutuetan egin zuena berriz egiteko. Lehenengo 25 minutuetan lortu zuelako, aukerak baliatu egin behar direlako. Analisi sinplea eginez gero, Real Madrilek dena, edo ia dena, saskiratu zuelako behartu zuen bosgarrena partida jokatzera Gasteizen. Nole Velickovic-ek eta Sergio Rodriguezek sei hiruko sartu zituzten jarraian, eta halako erakustaldiaren aurrean, besoak jaitsi zituen Baskoniak. Gaur, kontrakoa gerta liteke. Real Madrilek kale egitea, eta Baskoniak asmatzea. Ez litzateke kontu berria izango, eta konfiantza edukitzen erakutsi digu Baskoniak. Zailtasunean handi egin den talde puska.
Pazientzia eta fedea
Mila aldiz esan diren hitzak dira goiko biak, baina erabakigarriak dira. Pazientziarekin jokatu duenean belaunikarazi du Baskoniak Real Madril, eta hura gabe aritu denean eman du amore. Antzera gertatu da fedearekin. Adibideak asko dira. Laugarren partidari errepasoa emanez gero, argi ikusten da Caja Laboralek ez zuela jakin izan 11 punturen aldea kudeatzen. Zortzikoa eta bederatzikoa ere izan zituen partida berean, baina, bistan da, bi une horietan ere gain hartu zion Real Madrilek. Haiek pazientzia izan zutelako, fedea euren gaitasunean, eta Baskoniak, ez.
Prigioni eta Teletovic adibide onenak. Argentinarrak normalean egiten ez duen jokoa egin behar izan zuen Real Madril bere bolada onenean zegoenean: jokaldiak bukatu. Ondo bukatu zituen pare bat, baina itsutu egin zen ondoren, eta baloia segundo gehitxotan eduki bere eskuetan. Ondorioa, zentzu handirik gabeko azken uneko hirukoak. Teletovic kapitaina ere tokiz kanpo dabil. Bizkarreko jokoan Velickvic eta Carlos Suarez baino gehiago dela sinetsita dago, eta gorputzez baliteke hala izatea, baina egoskortu egiten da saskira asko hurbildu nahirik, eta behin lortuta, oker asko egiten ari da. Baskoniak Teletovic onena behar du, eta azkar.
Zenbakiekin zerikusi zuzena du azken ñabardurak. Erreboteetan min handia egin du Real Madrilek. Partidu pare batean harritzeko moduko nagusitasuna erakutsi dute Pablo Lasoren mutilek, eta azalpen zehatzik gabe. Real Madrileko pibotak handiagoak izateak ez du zertan desoreka sortu. Lehen partidan, Baskonia nagusitu zen arlo horretan; beste hiruretan, Real Madril, eta Baskoniak baino bederatzi errebote gehiago hartuta batez beste. Lampek hobeto itxi behar du saskipea, eta Teletovicek eta bi Bjelicak, Nemanjak eta Milkok, gehiago lagundu. Bistan da, Nocioni bueltatzeak mesede eginen lioke Baskoniari. %50ean egonda ere, kementsu jokatzen du beti argentinarrak, eta behar du taldeak. Nahikoa sei-zortzi errebote on hartu eta taldekideak hauspotzeko.
R. MADRIL-CAJA LABORAL
Txapelketa. ACB ligako finalerdietako bosgarren partida. Bina berdinduta daude Caja Laboral eta Real Madril.
Real Madril. Llull, Rodriguez, Carroll, Pocius, Singler, Suarez, Velickovic, Mirotic, Reyes, Tomic eta Begic.
Caja Laboral Baskonia. Prigioni, Heurtel, Ribas, Oleson, San Emeterio, Nemanja Bjelica, Calbarro, Teletovic, Milko Bjelica eta Lampe.
Lekua. Madrilgo Kirol Jauregia (13.500 ikusle).
Ordua. 20:30 (Teledeporte).
Beste finalerdia. Atzo: Valentzia-Bartzelona(73-77). Bartzelona sailkatu da finalera.
Saskibaloia. ACB ligako finalerdiak
San Prudentzio eta Andre Mari Zuria!
Inork ez du txakur txikirik ematen Caja Laboral Baskoniaren alde; Madrilen, etxekoak hazita, taldea jota... dena du kontraGorabehera askorekin ari dira bi taldeak, eta erregulartasuna funtsezkoa izan daiteke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu