Euskaltel-Euskadi prest dago denboraldi berrirako -bere hamaseigarrena-, eta gaur egin du aurkezpena, Gasteizen, Artiumen. 23 txirrindulariz osatu du taldea, eta Samuel Sanchez, Igor Anton eta Mikel Astarloza izango dira buruak. Frantziako Tourrean eta Espainiako Vueltan emaitza onak lortzea dute xede -iaz Tourrean, bere historian lehen aldiz, Egoi Martinez lider aritu zen egun batzuetan-, eta itzuli txikietan garaipenak eskuratzea.
Iaz zortzi garaipen lortu zituen Euskaltel-Euskadik, eta Sanchezek Pekingo Olinpiar Jokoetan errepideko proban urrezko domina Espainiako selekzioko kide gisa.
Pablo Urtasun, Mikel Nieve eta Sergio de Lis dira aurtengo fitxaketak. Taldeko beste ziklistak: Koldo Fernandez de Larrea, Iñaki Isasi, Iñigo Landaluze, Amets Txurruka, Aitor Galdos, Gorka Verdugo, Markel Irizar, Jorge Azanza, Aitor Hernandez, Andoni Lafuente, Juanjo Oroz, Alan Perez, Ruben Perez, Ivan Velasco, Josu Agirre, Javier Aramendia eta lehen aipatutako Egoi Martinez.
Miguel Madariaga da Euskaltel-Euskadiko manager nagusia, Igor Gonzalez de Galdeano haren ondokoa, eta Gorka Gerrikagoitia, Josu Larrazabal eta Alex Diaz zuzendariak.
Madariagak jakinarazi du urteko aurrekontua osatzeko milioi bat euroren beharrean direla, baina baikor azaldu da, emaitza onen ondorioz iritsiko delakoan dirua.
Gaurko aurkezpenean Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Jose Antonio Ardanza Euskaltel enpresako presidentea eta Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusia izan dira, besteak beste. Hain zuzen, denboraldi honetatik aurrera Arabako Foru Aldundiak ere lagunduko du diruz taldea - Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak lehendik laguntzen dute-.
Txirrindularitza
Sanchez, Anton eta Astarloza, Euskaltel-Euskadiko buruak
Gaur egin du aurkezpena, Gasteizen, eta 23 txirrindulari dauzka denboraldi honetarako. Taldea urteko aurrekontua osatzeko milioi bat euroren beharrean da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu