Laino itxia, hotza, euria, elurra... Zer ez du izan Italiako Giroko 14. etapak! Eguraldiaren eraginez, antolatzaileek bertan behera utzi dute Sestriereko igoera, eta Bardonecchiako lehen mailako azken igoerak eman du epaia. Sergio Luis Henaok (Sky) eta Diego Rosak (Androni) jo dute faboritoen artean lehen eraso gogorra, baina Vincenzo Nibalik berak (Astana) txikitu du gero tropela. Mauro Santambrogio (Vini Fantini) bakarrik izan da gai italiarraren erritmoari eusteko, eta biak elkarrekin iritsi dira helmugara. Santambrogiok etapa eta Nibalik Giro erdia. Lider zintzoen gisan, Astanakoak ez dio lehiatu garaipena. Carlos Alberto Betancur (Ag2r) helmugaratu da hirugarren postuan, bederatzi segundoa, Samuel Sanchez (Euskaltel) laugarren, 26ra, eta Rigoberto Uran (Sky) bosgarren, 30era. 1.24 minutu galdu du Beñat Intxaustik (Movistar), 1.28 Michele Scarponik (Lampre) eta 4.14 Robert Gesinkek (Blanco). Sailkapen nagusian sendo dago lidergoan Nibali; 1.26ra dauka Cadel Evans (BMC), 2.46ra Uran eta 2.47ra Santambrogio. Intxausti 10. postura jaitsi da; Nibalirengandik 5.41era dago muxikarra.
Faboritoen arteko lehia serioaren aurretik, Sonny Colbrelli (Bardiani), Luca Paolini (Katuxa), Daniele Pietropolli (Lampre) eta Matteo Trentin (Omega) ibili dira ihes eginda, eta hamar minutuko aldea ere izan dute. Baina Astanak eta Skyk gogotik lan egin dute atzean, eta helmugara iristeko pare bat kilometro falta zirela geratu da ezerezean ihesaldikoen ahalegina. Cesana Torinese eta Galibier artean jokatzekoa zen biharko etapa, Giroko 15.a, baina antolatzaileak zer egin erabakitzen ari dira, eguraldiaren eraginez ezinezkoa izango delako Galibier gaineraino igotzea. Litekeena da etaparik ez jokatzea. 20:00ak aldera hartuko dute erabakia.