Jipoi galanta hartu zuten Osasunak Ligako azken jardunaldian Racingen zelaian (4-1), eta porrot mingarri haren ondorioak lehenbailehen ahazteko, gaur Herculesi irabaztera derrigortuta daude gorritxoak. Etxetik at puntuak nekez biltzen ditu Osasunak -puntu bakarra sasoi honetan-, eta kanpoko okerrak zuzendu ezean, etxean kale egiterik ez dute. Hercules igo berria da, baina Camp Noun irabazteko gai izan zen, eta hori ikusita, Osasunakoek ezin dute pentsatu norgehiagoka erraza izango denik. Sardineron hasieratik aritutakoek hamaikakoan jarraitzeko meriturik egin ez bazuten ere, Jose Antonio Camachok ez du aldaketarik egingo.
«Nire jokalariak behar bezala kontzentratuta zelairatzea nahi dut, erdipurdi zelairatuz gero zer gertatzen den ikusi genuen eta. Irabazteko, gure jokorik onena egin beharko dugu, eta asmo horrekin irtengo gara. Bigarren mailatik igo berria izanagatik, diru dezente du Herculesek. Fitxatu dituen jokalarien zerrendak ikusi besterik ez dago. Asko eta ondo indartu da Lehen Mailara itzuli denean, eta Bartzelona Camp Noun mendean hartzeko gai den talde bat talde ona dela ukaezina da. Une honetan sailkapeneko toki berean gaude, eta ez da partida erraza izango», adierazi zuen atzo Camachok. Gorritxoen entrenatzaileak badaki gauzak ondo egin beharko dituztela irabazteko.
Bi taldeek sasoi honetan egindakoa ikusita, partida orekatua espero da. Hercules eta Osasuna 14. eta 13. dira sailkapenean, hurrenez hurren. Bederatzi puntu batu dituzte lehen bederatzi jardunaldietan, bi partida irabazi, hiru berdindu eta lau galdu ostean. Osasunak zortzi gol sartu ditu, eta hamar gol jaso; Herculesek gorritxoek baino gol bat gehiago sartu du, eta bi gehiago jaso. Jaitsieratik bi puntura dira orain bi taldeak, eta gaur, irabaztea izango dute biek helburu.
Portilloren itzulera
Drenthe, Trezeguet eta Valdez (min hartuta dago) dira Herculesen izar nagusiak, zalantzarik gabe, baina Osasunako zaleek Portillo ere gertutik aztertuko dute. Osasunan egindako lau denboraldietan aukera ugari eman zizkioten Jose Angel Zigandak zein Camachok, baina Portillok ezer gutxi egin zuen. Iragan sasoian Herculesek igoera lortzeko jokalari garrantzitsua bilakatu bazen ere, orain Trezegueten eta Valdezen itzalean da aurrelari espainiarra.
Santanderko porrota ahazteko era onena, Herculesi irabaztea
Iragan asteburuan Sardineron 4-1 galdu zuen hamaikakoaren alde egingo du berriro Jose Antonio Camachok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu