Arrauna

Santurtzik asteburua biribildu du

Denboraldiko seigarren bandera eskuratu du Sotera-k, eta sailkapen nagusian puntu bat gehiago atera dio Hondarribiari. Bi jardunaldi falta dira liga amaitzeko.

Gorka Aranberri Santurtziko patroia, atzo, ziaboga bat hartzen. AITOR ARRIZABALAGA / EUSKO LABEL LIGA
Paulo Ostolaza.
2021eko abuztuaren 29a
14:30
Entzun

Santurtzik mahai gainean kolpea jo du asteburu honetan. Bizkaitarrek lau estropada zeramatzaten banderarik astindu gabe, baina beste behin ere argi utzi dute Galizian eurek direla onenak: azken bi garaipenekin, han jokatutako sei estropadetatik lau irabazi dituzte. Denboraldi honetan ligan eskuratu dituzten sei garaipenetatik lau han lortu dituzte santurtziarrek.

Atzo buruz buruko ikusgarriaren protagonistak izan ziren Eusko Label Ligako bi oilarrak, Santurtzi eta Hondarribia, eta antzeko ibili dira gaur ere Moañan (Galizia). Bi horiek dira liga irabazteko hautagaiak, eta erakutsi dute zergatia. Lau puntuko errentarekin hasi zuen asteburua Santurtzik, eta seiko tartearekin itzuliko da Euskal Herrira bi estropadaren faltan.

Gaur, lehen ziabogan, pare-parean ziren moreak eta berdeak, arraunzaleen gozagarrirako. Bigarren luzean hartu du hiru segundoko tartea Santurtzik, eta horri eutsi dio azken txanpara arte. Azkenean, lau segundo atera dizkio Ama Guadalupekoa-ri, eta sei hirugarren izan den Oriori, bigarren txandako garaileari.

Ate joka daude Kontxako Estropadak ere, eta igarri da hori Moañako uretan. Aldaketa ugari egin dituzte entrenatzaile batek baino gehiagok. Hala, izan dira ezohiko emaitzak: laugarren egin du Ondarroak, zortzigarren atzo jaitsiera ziurtatu zuen Zarautzek, eta hamargarren Zierbenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.