Santurtzik eta Camargok jokatuko dute igoera kanporaketa

Zierbenak irabazi du KAE 1 ligako azken bandera, etxean; KAE 2 ligan Portugalete liderra nagusi da Colindresen

Igor Susaeta.
Donostia
2010eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Espero zena gertatu zen atzo Zierbenako uretan, KAE 1 ligako (Kantauriko Arraun Elkartea) hamalaugarren eta azken estropadan, eta, hartara, Santurtzik eta Camargok jokatuko dute San Miguel ligarako igoera kanporaketa, datorren irailaren 18an eta 19an Bermeon eta Portugaleten. Zumaia eta Amegrove izango dituzte kontrario. Zierbenan etxeko trainerua izan zen onena atzo Petronor Bandera entzutetsuan, eta sasoiko bigarren bandera irabazi zuen (20.49, 28). Camargo izan zen bigarren sei segundora, eta Santurtzi hirugarren hamabira. Sotera ontziak nahikoa zuen aurreneko seien artean sailkatzearekin kanporaketa jokatu ahal izateko. Isuntza helmugaratu zen laugarren. Lekittarra traineruak denboraldi bikaina egin du aurten ere, baina azkenean hirugarren sailkatu da, eta kanporaketatik at gelditu gutxigatik. Santurtzik irabazi du liga (148 puntu), Camargo izan da bigarren (147 puntu) Isuntza hirugarren (142 puntu) eta Zierbena laugarren (136 puntu).

KAE 2 ligan, berriz, sasoiko hamaseigarren estropada, azken-aurrekoa, jokatu zen Colindresen (Kantabria, Espainia) erlojuaren kontra, eta Portugalete liderra nagusitu zen, denboraldiko seigarren bandera irabaziz. Jarrillera KAE 1 ligan ariko da hurrengo urtean. Gaur jokatuko da azken estropada Santoñan (12:30), eta ustekabekorik ezean Santoñak eta Zumaiak bigarren eta hirugarren postuei eutsiko diete, eta igoera kanporaketa jokatu.



Sailkapena

KAE 1 LIGA

1. Santurtzi 148 puntu

2. Camargo 147 pt.

3. Isuntza 142 pt.

4. Zierbena 136 pt.

5. Donostiarra 114 pt.

6. Orio 103 pt.

7. Deustua 68 pt.

8. Hondarribia 59 pt.

9. Arkote 57 pt.

10. Getxo 47 pt.

11. Busturialdea 45 pt.

12. Trintxerpe 29 pt.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.