Santutik oso gutxi dauka

Pablo Lastras espainiarrak irabazi du Vueltako hirugarren etapa, ihesaldian sartu ondoren azken aldapatxoan erasoa jotaSierra Nevadako etaparen bezperan, faborito guztiekiko 1.23 galdu du Denis Mentxovek

unai zubeldia
2011ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Atzera begira, aurrera. La Santa mendatean gora. Etapa eta lidergoa. Pablo Lastras (Movistar) eta Sylvain Chavanel (Quick Step). Txirrindularitzaren bi monumentu txiki. Edo ez hain txiki. Bi gonbidatu ere bai ondoan: Ruslan Pidgorni (Vacansoleil) eta Markel Irizar oñatiarra (RadioShack). Atzera begira, aurrera. Segundoak kontrolatuz. Tarteko helmugetako borroka La Santako azken metroetarako utziz. Espainiako Vueltako hirugarren etapak ikuskizun polita eskaini zuen azken kilometroetan. Beroak urtu beharrean, zazpigarren kilometroan ihes egin eta aurreko laukoteak estutu egin zuen tropela — ihesaldian sartu arren, Nicolas Edet (Cofidis) ezinean geratu zen gero—. Hainbeste estutu zuen, La Santa igotzen hasterako aurrean zegoen garaipena. Eta liderraren maillota. Beroaren gorriarena.

Pidgorniri eta Irizarri alferrikako erreleboak ematen utzita, elkarren arrimuan egin zituzten Lastrasek eta Chavanelek hirugarren mailako azken mendateko metrorik gehienak —12 kilometro pasatxo besterik ez zeuden gainetik Totanako helmugara—. Etapa eta lidergoa. Kontrola. Gonbidatuen mugimenduen faltan, indarrak neurtuta, espainiarrak eraso zitala jo zuen pankartapera iristeko metro gutxi falta zirela. Eman beharrekoa zen jaitsiera. Asfalto ederrekoa. Segundo batzuk hartuta, liderraren maillota janzteko modukoa.

Eta horixe egin zuen Movistarrekoak. Helmugako gainsarien zain egon gabe, La Santan gora erasoa jo, eta Chavanel ito. Giroan, Tourrean eta Vueltan garaipenak pilatuta, santutik gutxi du Lastrasek. 25 segundoko tartea irekita, atzean elkarlana lortzen saiatu zen Chavanel. Baina ez zegoen indarrik. Dena emanda, garaipen ederra eskuratuta, merezimenduaren maillot gorria jantzita abiatuko da gaur espainiarra. Espainiarraren balentriak itzalean utzi zuen Irizarren lan ona, baina goraipatzekoa da oñatiarraren ahalegina. «Izterretan arranpak izan ditut azken bost kilometroetan, eta ezin izan dut nahi bezain errelebo onik eman». Baina RadioShackekoak gogotsu ekin dio Vueltari, eta dagoeneko hasi da arrastoa uzten.

Igor Antonen sufrimendua

Sierra Nevadan amaituko da gaurko etapa, Vueltako laugarrena, eta, atzokoa aztertuta, triskantza handi samarra eragin dezake Vueltako lehen mendate serioak —etapa hastearekin batera, Filabres lehen mailako mendate gogorra igo beharko dute gainera—. Igor Antonek (Euskaltel-Euskadi) sufritu egin zuen atzo La Santan gora, eta Denis Mentxovek (Geox) faborito guztiekiko 1.23 galdu zuen helmugan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.