Futbola-Lehen Maila

Sari handia, patrikan

Athleticek nagusitasunez irabazi dio Rayori (0-3), eta matematikoki ziurtatu du 15 urteren ondoren Txapeldunen Ligara itzultzea. Laugarren bukatuko du liga; beraz, atariko kanporaketa bat jokatu beharko du abuztuan

Athleticeko jokalariak partidako hirugarren gola ospatzen. J.C.H./EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko maiatzaren 2a
13:13
Entzun

Ereserki itsaskorra du Txapeldunen Ligak. Europako txapelketa nagusiko partida guztien aurretik aurkezpen ponposoa egiten da, eta une horrek oilo ipurdia sortzen du jokalari eta zaleengan. Bada athleticzaleek ligako azken bi jardunaldiak eta uda osoa dute entseguak antolatzeko, Bilboko taldeak jada ziurtatu baitu Txapeldunen Ligara sailkatzea. Tira, atariko kanporaketa bat jokatu beharko du abuztuan, baina hor ere ereserkia entzun ahal izango da San Mames berrituaren erraietan barrena.

Athleticek laugarren postuan bukatuko du liga, Rayori 0-3 irabazi ondoren. Marcelo Bielsaren urteen zirrara eta eromenaren ondoren taldeak beste pauso bat eman du goraka  Ernesto Valverderen eskutik. Argentinarrak hauspoturiko bihotzei zentzua gehitu die, eta arrakasta handia lortu du. Erraldoia pentsatuko du norbaitek, handi-mandien ligan laugarren izatea lurtarren arteko lehena izatea baita. Eta euforia lehertu egin da


Etxeko lanak bukatzeko markaturiko eguna zen gaurkoa. Bilbotik hiru mila joan dira eta Athleticek jokalari guztiak eraman ditu. Ondo mereziak dituzte asteartera arteko hiru jaiegunak. Partida amaieran frenesiak eztanda egin du eta Vallecas San Mames txiki bilakatu zen. Egiari zor, etxeko talde eta zaleak konplize izan dira. Madrilgo auzo xume eta harroko zaleek begi onez hartu dituzte bilbotarren oihuak, eta jokalariek, ezer jokoan izan gabe, erraztasunak eman dituzte.


Partida gaizki hasi da dena den, ordu laurdeneko atzerapena izan baitu Iraizozen ate atzeko zaleek zelaia paper txikiz bete dutelako. Behin dena garbituta, Athleticek ez du erratza bueltatu, eta zelai erdiko baloi guztiak bereganatu ditu presioaren bitartez. Rayok badu talentua, eta jokamolde ausarta, baina Paco Jemezen nahi duen moduan jokatzekoa motibazioa behar da, eta  asko  nabaritu da bi taldeen gogoaren arteko aldea. 


Athletic hozka irten da. Gose zen. Goian presionatzea zen agindua, geldikako jokaldiak eta erdiraketak eragiteko. Lehen zatiak ez du erritmorik hartu, baina zurigorriek aukera hobeak izan dituzte eta bi korner baliatu dituzte aurretik jartzeko. Biak Susaetak atera zditu, ezkerretik, eta bietan Ruben atezaina gaizki egon da, lehen golekoan bereziki.  San Josek—ligako seigarrena— sartu du, orpoz eta jarrera ikusgarrian (19. min).


Bigarrena, aldiz, De Marcosek. Kornerraren ondoren aldaratze pare bat egon dira are barruan eta erdilari arabarra izan da, atzetik sartuta, baloia zuzen ostikatzen asmatuduen bakarra (30. min). Ospakizunean Bilbotik joaniko zaleek harmailako hesia bota dute. Zorionez ez da zauritu larririk egon. Hor ere zortea lagun.


Bigarren zatian Athletic baretu egin da, eta partida ere bai. Gol aldea altxor handia zen eta hura babestu du. Jokalari guztiek bost metro egin dituzte atzera, baina ez duten partidaren kontrola galdu. Nabarmentzekoa da bigarren zatietan erakusten duten ahal fisikoa. Freskotasunari esker kontzentrazioa mantendu du, Rayok susto handiren bat eman zezan eragotziz. Dena den, Herrera izan da erabateko patxada barreiatu duena (74. min), falta jaurtiketa bikain batean hirugarren gola sartu duenean.

Golak: 1-0: San Josek (19. min); 2-0: De Marcosek (30. min.); 3-0: Herrerak (74. min). 

Epailea: Fernandez Borbalan. Txartel horia Rayoko Arbilla, Ze Castro, Larrivey eta Sauli; Athleticeko Adurizi.

Bestelakoak: 14.000 ikusle Vallecas estadioan, horietatik 3.000 inguru Bilbotik joanikoak. Partida ordu laurdeneko atzerapenarekin hasi zen ate atzeko zaleek paper txiki pila bat bota zituztelako. Athleticen bigarren golaren ondoren Bilbotik joaniko euren harmailako hesia bota zuten. Ez zen egon zauritu larririk. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.