Futbola

Sari nagusia lortu du Realak Vigon (2-3)

Birritan atzetik joan arren, adoreari eutsi eta partida irauli du Realak, Celtaren aurka. Oiartzabal, Juanmi eta Willian Jose izan dira golegileak.

jon eskudero
2017ko abuztuaren 19a
20:23
Entzun

Iragan sasoiari irribarretsu agur egin zion Realak Balaidos estadioan, besteak beste, azken minutuko golari esker eskuratu baitzuen Europa ligarako sailkapena. Bada, denboraldi honetan ere bide beretik abiatu dira txuri-urdinak, estreinako partidan 2-3 garaitu baitute Vigoko Celta. Birritan atzetik joan eta jokoari dagokionez eskas samar aritu arren, kemena eta irabazteko gosea lagun izan dute Eusebio Sacristanen jokalariek, eta azkenerako urrezko garaipena poltsikoratu dute. Liga abiatu besterik egin ez denez, zer hobetua badute aurrera begira, baina konfiantza hartzeko urrezko hiru puntu ekarriko dituzte Donostiara.

Partidari erritmo bizian ekin diote Celtak eta Realak, eta berdintasuna izan da nagusi. Pixkanaka, Celtak hobera egin du, eta hiruzpalau gol aukera onen ondoren, 22. minutuan egin du 1-0ekoa, Maxi Gomezen eskutik. Gehiago ziren etxekoak, baina Sergio atezainaren oparia baliatuta, Oiartzabalek banakoa ezarri du, 33.ean. Iragan sasoian golari begira lehorte izugarria bizi izan zuen eibartarrak, baina sasoi honetan bera izan da gola egiten lehena Realean.

Bigarren zatiari banakoarekin ekin diote bi taldeek, baina berehala hartu du aurrea berriro ere Celtak. Kornerra atera eta bigarren zutoinean airean geratutako baloia sareetara bidali du Maxi Gomezek, berriz ere. Oso bigun aritu da txuri-urdinen atzealdea, eta maldan gora jarri zaie lehia. Jokoak berak ere ez du baikortasun mezu handirik azaldu eta, hori ikusita, aulkia astindu du Eusebiok. Bete-betean asmatu du aldaketekin. Carlos Vela eta Juanmi zelairatu ditu, eta biak izan dira protagonista binakoan. Mexikarraren jokaldia ederki amaitu du Juanmik, 80. minutuan. Binakoa eginagatik, garaipen gosez jarraitu du entrenatzaileak, eta Agirretxe zelairatu du, beste aurrelari bat. Ezin hobeto atera zaio erabakia. Velari zalantza beterik penaltia egin diote, eta Willian Josek sareetara bidali du baloia, 87.ean.

Ondo jokatu ez arren, emaitza izan du Realak partidako albisterik onena, eta sailkapenean hiru puntu batuta gusturago prestatuko du hurrengo partida. Izan ere, bigarren jardunaldian Vila-real hartuko du Anoetan, datorren ostiralean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.