Txirrindulari saiatua dela erakutsi du, beste behin, Vincenzo Nibalik (Astana). Tourreko 19. etapan oso urrutitik jo du erasoa, Croix de Fer gogorreko azken maldetan, eta aurretik zihoazen iheskide guztiak atzean utzita, bakar-bakarrik iritsi da La Toussuireko helmugara. Hasi eta bukatu, ikusgarria izan da etapa, eta podiumeko hirugarren koska 1.19ra dauka orain italiarrak, herren egin dutelako Alejandro Valverdek (Movistar) eta Alberto Contadorrek (Tinkoff), 2.26 galduta.
Tourreko bi txirrindulari indartsuenen artean ere lehia polita izan da La Toussuire azken mendatean gora. Sei kilometro falta zirela erasoa jo du Nairo Quintanak (Movistar), eta 30 segundo atera dizkio Chris Froome liderrari (Sky) —34 gainsariekin—. Alpeetako azken etapa falta denean, 2.38ra dauka britainiarrak kolonbiarra.
Modanen hasi eta Alpe d'Huezen amaitu, 110,5 kilometro dauzka biharko etapak. Croix de Fer eta Alpe d'Huez maila bereziki mendateak igo beharko dituzte txirrindulariek. Etzi amaituko da Tourra, Parisen.