Saria bientzat da gozoa

San Antoniok Kopan sartzeko aukera dauka jokoan gaur Arrateren aurka, eta gipuzkoarrek zuloa urruntzeko aukera

Erredakzioa
Iruñea
2010eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako Kopari begira daude Iruñea aldean, eta jaitsiera postuei begira Eibarren. Biak daude puntu premian, baina begirada da desberdina. Gora eta behera begira iritsi dira bi taldeak denboraldiko lehen derbira. San Antoniok eta Arratek elkarren aurka jokatuko dute gaur, Iruñean,NUPeko pabiloian, 18:30ean.

Hamar denboraldi igaro dira Arratek azkenekoz Iruñean irabazi zuenetik. 1990-1991ko sasoian irabazi zuten azkenekoz gipuzkoarrek, 21-22. Ordutik puntu bakarra lortu dute, 2005-2006ko denboraldian (23-23). Ez da kantxa samurra Arraterentzat, baina jaitsiera postuak puntu bakarrera daude, eta, irabaziz gero, hirura urrunduko lituzke. Sari gozoa da lehen itzulia amaitzeko beste hiru partida faltako direnean Espainiako Kopan sartzea. Baina are gozoagoa izan daiteke jaitsieraren mamua ia bi partidara urruntzea. Hamalau puntu dauzka une honetan San Antoniok, eta sei Arratek.

Etxekoen artean, Ibai Meoki min hartuta dago, eta gaur ez da kantxan izango. Baina, hiru asteren ondoren, Victor Alvarez osatu da, eta erdikoak sendotasuna emango die nafarrei. Sevaljevic, Racis, Alberto eta Borragan ere minez ibili dira aste osoan, baina gaur ez lukete arazorik eduki beharko Arrateren aurka jokatzeko. «Denboraldi hasieran Arrateren aurkako partida gorriz margotuta jarri genuen. Egia da orain helburua Kopan sartzea dela, baina oso nekatuta gaude, eta ez da erraza izango», adierazi du Juanto Apezetxea San Antonioko entrenatzaileak.

Iruindarrek hiru partida jokatu behar izan zituzten joan den astean, bost eguneko tartean, eta taldean jokalari gutxi daudenez, nabaritu dute neke gehigarri hori. «Baina gazteak dira, eta partida hauek sortzen duten motibazioak eta zaleen babesak balio izatea azken ahalegina egiteko».

Redeik jokatu ahal izango du

Arrateri dagokionez, Ivan Sever esloveniarra soilik dago min hartuta. Kluba beldur zen Istvan Redei hungariarrari zigorra jarriko ote zioten, Guadalajararen aurkako partidan epaileei aurre egiteagatik. Baina jokalariak ez du zigorrik jaso, eta gaur kantxan izango da. Gipuzkoarrentzat oso jokalari garrantzitsua da Redei. 57 gol sartu ditu orain arteko 11 jardunaldietan -Asobal ligan, onenetan laugarrena da-.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.