Xabier Orbegozo Arria V.ak orain dela hiru urteko apustua eta Banakako Urrezko Aizkorako kanporaketa gogoan ditu, Miel Mindegiak biak ala biak irabazi baitzizkion. Haiek izan ziren bien artean jokaturiko norgehiagoka apurrak. Gaur berriro ariko dira lehian, eta banakako Urrezko Aizkolarien Lehiaketakoligaxkara sartzea izango dute erronka, Gasteizko Armentian, gaur (12:30). Araban jai eguna dute, eta Armentiako zelaietan erromeria egin ohi dute; horregatik jokatuko da aizkora saioa.
Hamar enbor ebakiko ditu bakoitzak: bi 45 ontzako, lau kanaerdiko eta lau 60 ontzako. Joan zen igandean Azurmendik 23 minutu eta 41 segundu behar izan zituen lan hori egiteko eta Peñagarikanok 24 minutu eta 10 segundo. Miel Mindegiak estreinakoa egingo du torneoan eta Arria V.ak hirugarren kanporaketa.Nazabalek eta Olasagastik B adarreko lehen jardunaldiko lehia izan zuten igandean, eta Nazabal nagusitu zen, Etxarri-Aranazkoak gaurko norgehiagokari buruzko iritzia eman zuen: «Arriak lan polita egin zuen Senosiainen kontra. Mindegia, berriz, honezkero ez zen hobetuko, baina iazko sasoia erakusten badu, lan handia egin beharko du gipuzkoarrak. Mindegiak bere lekuan jarraitzen du, eta gazteek leku hori kendu nahi dioten arren, ez du amore emango nolanahi».
Mindegiarentzat 2002ko apustua eta kanporaketa
Mindegiak eta Arriak 2002ko apirilaren 28an jokatu zuten elkarren arteko apustua. Hogei kanaerdiko izan zituzten langai eta Mindegiak irabazi zuen, bost minutuko aldea aterata. Gipuzkoarrak denbora luze eman zuen prestatzen, eta baita sasoiko jarri ere, baina jokoan jarri zituzten 6.000 euroak Ezkurrakoak eraman zituen.
Handik bi astera, berriz, Banakako Urrezko Aizkorako final-laurdenetako kanporaketa jokatu zuten. Orduan, bi 45 ontzako, lau kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbikora jokatu zuten saioa. Arriak Barberena menderatu zuen aurrez, baina Mindegiak berriz hartu zuen mendean. Nafarrak minutu eta 10 segundoko aldea atera zion Arriari.Mindegiak 55 urte beteko ditu, baina aurrera egiteko moduan izango da.
AIZKORA. BANAKAKO URREZKO AIZKOLARIEN LEHIAKETA
Sarri irabazi dio Mindegiak Arria V.ari
Banakako Urrezko Aizkolarien Lehiaketako ligaxkara sartzeko txartela izango dute jokoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu