AEBetako aberatsek bi jomuga izaten dituzte. Kalifornia da bata, eta Florida bigarrena. Biek dute klima bikaina, eguzkitsua, hondartzak, eta poltsiko beteentzako aproposak diren beste hainbat aisiako aukera. Kaliforniak eta Floridak biek islatzen dute bizitzaren oparotasuna. NBAko jokalari dirudunentzat ere plaza desiratuak dira, berez eskaintzen dituzten erosotasunei kirol arrakasta gorena lortzeko aukera baitute Los Angeles Lakers, eta Miami Heat edo Orlando Magic taldeen bitartez. Zer hobe, eraztun bat irabazteaz gain, gustura bizitzea baino.
Miamira jauzia egin dute LeBron Jamesek eta Chris Boshek. Dwyane Waderekin elkartu dira han, eta NBA aztoratu dute. Beach Boys goitizena jarri diote hirukoteari, eta milioika euro irabazten duten izar distiratsuak izan arren, bigarren maila batean utzi dute euren soldata, eraztun bat lortzeko bidean. Beach Boys modernoak, XXI. gizaldikoak. James eta Bosh ez dira, halere, Utahra, Portlandera, edo Bostonera joan, hiri hotzetara, Miamira baizik. Tenperatura beti 20 gradutik gorakoa denean bizitza ederragoa delako. Jamesek udan esan bezala, «Clevelanden zer eginik ez dago azaroan hasi eta apirila bukatu arte, zero azpitik -20 gradu egiten duelako».
Bai James, bai Bosh, agente libre bilakatu ziren udan, eta Waderen deiari erantzun zioten. Mugimendua azken urtetan NBAn izan den garrantzitsuena da, tamaina horretako hiru jokalari ez elkartzeko onartu baitzen soldata mugaren araua. Arauak, ordea, beti du bere tranpa, eta Pat Riley Miamiko presidentea aztietan aztiena da arauak bere mesedean erabiltzen. Hiru jokalari horiek bere kirol ibilbidean lortu dituzten zenbakiak gogoratzea komeni, ligan izan dezaketen eragina ulertze aldera. Jamesek 27 puntu, zazpi errebote eta zazpi asistentzia lortu ditu 548 partidatan, Clevelanden denak. Boshenak ere ez dira zenbaki txarrak: hogei puntu eta bederatzi errebote, Torontorekin, 509 partidetan. Wadek bere kirol ibilbidean batez beste egin dituen 25,4 puntuak gehituz gero, 72 puntu ateratzen dira. Hiru jokalariren artean.
Hiru izarren etorrerak berehalako eragina izan duelako. David Stern NBAko agintari gorenak berak aitortu du Miamiren mugimenduak ez diola onik egiten ligari. Lakerseko, Orlandoko eta Bostongo arduradunek ere errezelo handiarekin erreparatu diote mugimenduari. Miamin ez, Miamin txoratzen daude. 2005-2006 sasoian titulua irabazi zuten Wade eta Shaquille O'Nealen eskutik, baina orduz geroztik etenik gabeko maldan beheran ibili dira. American Airlines Arenako harmailak hustuta ageri ziren telebista nagusietan ia beti, eta Rileyk eta diruak miraria egin dute. Izarrak ekarri eta harmailak berriro lepo bete.
Uztailaren 9an baieztatu zuen James berak Miami hautatu zuela, eta biharamunean, egun bakarrean, abonu guztiak bukatu ziren. Horietako batzuk milioi dolar pasako eserleku edo palkoak. Kantxan publizitatea jartzeko eskaerak ere iragarkiak hartzeko lekua bera gainditu omen zuen nabarmen. Zer esanik ez, taldeko elastikoen salmenta %1110 handitu zen uztailean. Dirua handik, dirua hemendik, dirua txoko guztietatik. Eta mingain gaiztoek dioten bezala, Miamiko agintariei bost axola titulua lortu edo ez lortu. Denbora dolarrak zenbatzen pasatzeko aukera duten bitartean, bigarren mailakoa da hori.
Titulua lortzeko bermerik ez
Wade, James eta Bosh. James, Bosh eta Wade. Bosh, Wade eta James. Hiru hostoko hirusta. Nahikoa ote, titulua lortzeko? Ez, ezta gutxiago ere. Bat-batean faborito bilakatu direla bai, baina eraztuna pausoan jokatuta irabaziko dutela ez. NBA gogorregia delako hiru jokalarik erantzukizun osoa hartzeko. Rileyk urteak egin zituen Lakersen, eta horren jakitun, nahiko ondo hornitu du bizkarrezur sendo-sendoa. Zidrunas Ilgauskas eta Juwan Howard fitxatu ditu, bi horiekin eta Udonis Haslemekin Dwight Howard, Pau Gasol edo Shaquille O'Neali aurre egiteko. Mike Miller eta Eddie House jaurtitzaileak ere fitxatu dituzte.
Denboraldi-aurrean 3-4 balantzea darama Miamik, baina NBAn beste inon baino garrantzi apalagoa dauka lehiaketa ofiziala hasi aurretik jokatzen diren norgehiagokak. Azarotik apirilera, sei hilabete luze daude akatsak konpontzeko, gauzak serio jarri aurretik. Miamik Bostonen aurka egin du debuta, goizaldean, eta han hasiko da ikusten zenbat berotzen duen James, Bosh eta Waderen eguzkiak.
Aurrekariak, egon, badaude. Saiakera batzuk arrakastatsuak izan dira, baina beste batzuk ez. Normalean, izarren erakustaldiek ez, taldearen eraginkortasunak ematen baitio hauspoa kirol talde bati. James munduko onena izan daitekeelako, baina kalitateko laguntzailerik gabe, aspertu egin delako Clevelanden. Bostonek asmatu egin zuen 2007-2008 denboraldian Kevin Garnett, Paul Pierce eta Ray Allen elkartuz.
Miamin jartzen duten adibidea da hori, baina haien aurka egin dutenek argudio indartsuagoak dituzte, izarrak elkartu eta kale egin duten proiektuak sonatuagoak baitira. Karl Malone eta Charles Barkleyri gertatutakoa da adibide onena. Biek ala biek azken ahalegina egin zuten Lakersen eta Houstonen, hurrenez hurren, eraztuna irabazten saiatzeko, beste bi izar handirekin, baina kale egin zuten. Karl Malonek Kobe Bryant eta Shaquille O'Nealekin batera jokatu zuen, baita Gary Paytonekin ere, baina Lakers belaunikatu egin zen final handian Detroiten aurka. Hatzak eraztunez beteta zituzten ordurako Bryantek eta O'Nealek, Karl Maloneren zoritxarrerako,
Barkleyk ere Houstonera jo zuen Phoenix Sunsen lider izan eta Michael Jordanek eraztuna lortzeko ahalegin oro zapuzten ziola ikusita. Clyde Drexler eta Hakeem Olajuwonekin elkartu zen han, baina orduan ere eraztunera hurbildu ere ez zen egin. Wadek eraztun bakarra du, eta Jamesek eta Boshek batere ez. Hirurek dute gosea, eta hori funtsezkoa da. Nahi duten diru eta dibertsio guztia eskura duten saskibaloi jokalari famatuak eraztunak lortzeko erronkak bakarrik erakartzen dituelako.
Eraztuna irabazteko beste faboritoak
Lon Angeles LakersTalde osatuagoa dute
Jarduneko txapelduna da Los Angelesko talde aberatsena, eta munduko entrenatzaile onena du aulkian: Phil Jackson. Irabazten jarraitzeko grina hainbestekoa ez izatea da Kaliforniakoen muga bakarra, taldean jarraitzen baitute Kobe Bryantek, Pau Gasolek, Lamar Odomek, Ron Artestek eta Derek Fischerrek. Matt Barnes eta Steve Blake fitxatu dituzte txandakatzeen errendimendua hobetzeko. Bryanten eta Andy Bynumen arazo fisikoak ere erabakigarriak izan litezke taldearen jardunean.San Antonio Spurs
Gaztetutako 'zaharrak'
Azken aukera izan liteke Texasko taldearentzat. Tim DuncanTD zahartzen hasita dago, eta beste eraztun bat irabazteko azken ahalegina egiteko prest agertu da. Tony Parker ere libre egongo da sasoi bukaeran, eta kontratu bikaina lortzeko eraztuna erdietsi baino gauza hoberik ez. De Juan Blair eta George Hill gazteek urtebeteko eskarmentua irabazidute Manu Ginobili alboan dutela, eta Gary Neal eta Tiago Splitter iritsi berriek kalitatea ekarriko dute.Boston Celtics