SASKIBALOIA. ESPAINIAKO KOPA. Demokrazia eta monarkia

Bilbo Basketek Baskoniaren nagusitasunarekin amaitu nahi du. Splitter ez da ariko ia ziur

Andoni Urbistondo.
Bilbo
2010eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Hasiberri lerdena da bat. Etxekoa. Gazteen anbizioa, grina duena. Ilusioa borborka, zaleak oihuka, arrakasta eskean: Bizkaia Bilbo Basket. Demokrazia, herri xehearen indarrarekin lapurtu nahi dio erregetza aurkariari. Aginte-makila eskuetan dauka besteak, Baskoniak. Erregea da, eta errege izaten jarraitu nahi du. XXI. mendeko lehen hamarkadan Arabako erresuma izan da Espainiako Kopa. Gasteiztarrek bost kopa irabazi dituzte azken 11 urteetan, final-laurdenetako langa gainditu azken zortzi urteetan, eta azken zortzi urteetako ekitaldietan sei final jokatu ditu. Datu festa handia da, eta errepasatzea komeni, Baskoniak Kopan daukan lorpen zerrenda ikusgarriaz jabetzeko. Errege izaten jarraituko al du?

Erronka zaila dirudi horrek azken laurdenen atarian. Erresumako erregea gaixo dagoelako. Tiago Splitterrek ez du Bilbo Basketen aurkako partida jokatuko. «Ia ziur», esan zuen atzo Dusko Ivanovicek, partidaren atarikoan. Brasildarrak min handiarekin bukatu zuen herenegungo entrenamendua, eta kantxaratzeko beharrak lesioa areagotu dezake. Baskoniak Kopa baino partida garrantzitsuagoa dauka heldu den ostegunean, Moskun, Khimkiren aurka, eta Splitterren egoera fisikoa ez behartzeko erabakiak partida horrekin eduki dezake zerikusia.

Splitter gabe nabarmen murrizten da Baskoniaren kalitatea. Europako pibot onenetakoa delako, eta espazio asko irekitzen dituelako jaurtitzaileentzat. Bistan da Fotis Katsikaris eta Bilbo Basketeko beste jokalarientzat berri ona dela Splitterren hutsunea, baina ezin dira sobera fidatu. Baskoniak talentu asko dauka Splitter gabe ere.

Etxekoak konfiantzaz lepo

Bilbo Basket une gozoan dago. Konfiantza irabazi du, lau garaipen daramatza errenkadan, eta Kopan lan txukuna egitea ligan zulotik ateratzeko erabakigarria izan daitekeela daki. Zer da Bilbo Basketentzat lan txukuna egitea? Egunean egunekoa egitea, Baskonia menderatzea, eta gero gerokoak. Kontuz bizkaitarrekin, Baskonia menderatzeko lehengai ona baitute.

Gako asko ditu partidak, baina honatx erabakigarriak izan daitezkeen batzuk. Joko antolatzaileen jarduna beti da garrantzitsua, eta gaur ere bai. Javi Salgado ikusgarri ari da azken hilabetean, baina defentsan bikain moldatzen den otsoa izango du atzetik: Pau Ribas. Marcelinho Huertas gorabeheratsu ari da, baina talentu handiko gidaria da. Javi Rodriguez izango du parean. Arreta berezia eskaini behar zaio blokeoa eta jarraipenari, bi taldeek asko erabiltzen duten jokaldia. Ikusteko dago Lior Eliyahuk eman dezakeen maila. Normalean erritmo pausatuko norgehiagoka izango da, 70-75 puntukoa. Puntu askoko jokoan abantaila dauka Baskoniak, Bilbo Basketek baino jokalari on gehiago dituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.