SASKIBALOIA. EUROLIGA. Hamarkada bat, mundu bat

Hamar urte bete ditu Euroligak, Europako talde handienen historia edertu duen txapelketa ikusgarriak

Andoni Urbistondo.
2010eko urriaren 20a
00:00
Entzun
2000ko urriaren 16an ernatu zen Euroliga izeneko txapelketa. Herenegun bete ziren hamar urte, egun hartan jokatu zen partida berarekin: Real Madril-Olympiakos. Euroligak Europako Kopa zaharra ordezkatu zuen, eta Europako saskibaloiko talde onenak lehiaketa bakarrean bildu, banaketa urte gogor batzuen ondoren. Hamarkada bat, mundu bat. Mundu bat istorio, poz, atsekabe, malko, borroka eta oinaze. Bartzelonak, Panathinaikosek, Maccabik, Moskuko CSKAK eta Kinderrek ere, Euroliga irabazi duten taldeek idatzi dute urrezko historia, baina baita titulurik irabazi ez duten taldeek ere. Baskonia handiak, tartean. 2001ean Boloniako Kinderren aurka Euroligako lehen finala jokatu zuen talde apartak, hamar urtean final bat eta Lauko lau final jokatu dituen taldea talde aparta delako.

Krisiak gizarteko hainbat arlo zigortu ditu, baita saskibaloi taldeak ere. Egun ez dira iraganean bezain sarri entzuten hainbeste milioi euroko fitxaketak, edo hainbeste milioiko soldatak, baina dirua, egon, badago, eta talde aberatsenek libratu dute ondoen krisia. Betidanik gehiago eduki duenak krisi garaian ere gehiago daukalako izango da. Talde horien aurrekontuei begiratu bat bota beste lanik ez daukagu, egin duten apustuaren garrantziaz jabetzeko.

Zeudenak daude. Bartzelona txapelduna da erregeetan errege. Real Madrilek eta Olympiakosek erregetza hori nahi dute, eta Maccabik eta CSKAk oso talde indartsuak eraiki dituzte, berriro izan zirena izateko asmoz. Itxuraz, Panathinaikos aldare horretatik jaitsi da, eta aldarera igotzen ahaleginduko dira Baskonia, Sienako Montepaschi, Partizan eta beste. Apustu etxeen iragarpenak aintzat hartuz, zalantzarako tarterik ez. Bartzelonak irabaziko du Euroliga. Baskonia hamalau euroan ordaintzen da.

Hilabete batzuetan izar askok egin dute jauzia NBAra. Han sos gehiago ordaintzen da, eta aukera izan dutenek nahiago izan dute lehiaketaz aldatzea. Hala gertatu da joan den urtean Olympiakosen izarrak izan ziren bi jokalariekin; Josh Childress eta Linas Kleiza. Nikola Pekovic ere Minnesota aldera joan da, eta Tiago Splitter Texasera, baina Europa eta Euroliga oso handia da lau izarren agurrari aurre egiteko, eta arazorik gabe beteko ditu urteak, eta hamarkadak.



Helburu xumea du Baskoniak Euroliga hasieran:Top16rako sailkatu, eta gero gerokoak. Zortzi onenen langa eta Lauko Finala urrun ikusten dira orain,baina lehiaketak taldeak dituen gabeziak estal ditzake.

Arantzaz betetako bidea

A. U.

Iraganeko zurrunbiloak eraman ditu berarekin Baskonia Lauko Finala jokatzeko hautagai serioa zen garaiak. Gaur-gaurkoz bestelakoa da egoera, eta zintzo onartu behar da arabarrek ez dutela hain kirol helburu mamitsurik. Horrek ez du esan nahi Bartzelonako Lauko Finala jokatzea ezinezkoa denik, baina nahiko zaila da. Josean Kerejeta presidentea bera ohikoa dena baino zuhurtasun handiagoarekin mintzatu zen herenegun: «Gure helburua Top16a jokatzea da, eta gero gerokoak. Gurea baino bospasei talde indartsuago daude, baliabide ekonomiko gehiago dituztenak, eta ezin dugu haiek urtero egiten dituzten fitxaketak egin. Daukagunarekin ahalik eta lan txukunena egitea da asmoa».

Pazientzia ezinbesteko bidaia-laguna izango da multzoen lehen fasean. Baskoniak, gauzak ondo, sufritu egingo du. Ez lau onenen artean sailkatzeko, Asseco Prokom eta Zalgiris Kauna baino askoz gehiago delako, baina beste hiru aurkariak tentuz zaintzeko modukoak dira. Batez ere bihar Gasteizera bisitan etorriko den taldea: Maccabi Tel Aviv. Israeldarrak dira A multzoko lehen postua lortzeko faboritoak, eta lehia estua espero da bigarrenaren jabe egiteko. Baskonia bera, Partizan eta Moskuko Khimki izanen ditu aurkari euskal taldeak.

Poloniara eta Lituaniara egin beharreko bidaiak ez dira errazak izanen, eta zer esanik ez, Israel, Errusia eta Serbiara egin beharrekoak. Etxean sendotasunez jardutea erabakigarria izanen da, beti bezala, baina egutegiari erreparatuta, are gehiago. Baskoniak etxean hasi eta bukatuko du lehen fasea, baina multzoko bi talde indartsuenen aurka. Maccabi hartuko du bihar, eta Partizan azken partidan, Gabonen bezperan. ligaxkako lehen lau jardunaldietan egon daiteke gakoa, Asseco Prokom eta Zalgirisen aurka jokatuko baitu Baskoniak.

Ligaxkak ezer gutxi erabakitzen duela esaten da, baina ez da egia, sailkapen txar batek Top16 fasean gaindiezin izan daitezkeen taldeen aurkako norgehiagokak ekar ditzakeelako. Multzoko hirugarren edo laugarren postuak ia ezinezko egingo luke Baskonia zortzi onenen artean sartzea.

Maccabi faboritoa alde batera utzita, urduritasun apur bat sortzen da Khimkiren jokalari zerrenda ikusita. Thomas Kelati-hilabeterako dago min hartuta-, Aleksei Savrasenko, Viktor Monya, Zoran Planinic, Benjamin Eze eta Kresimir Loncar Kreso fitxatu dituzte. Keith Langfordek, Raul Lopezek eta Vitali Fridzonek taldean jarraitzen dute, eta Sergio Scariolok joan den sasoiko taldea hobetu du nabarmen.

Partizanek asko galdu du -Bo McAlebb eta Lawrence Roberts estatubatuarrak eta Aleks Maric australiarra-, baina taldean jarraitzen du Europako talentu handienetakoak, Jan Veselyk. Baita Dusan Kezman eta etorkizun on-ona duten beste hainbat gaztek ere. Branislav Djekicek, adibidez. Partizanek Belgradeko Pionir kantxa gaiztoa du makulu. Handik garaile irtetea ezinezkoa da, 22.000 zale sutsuen oihu festan itota, eta hobe, galtzekotan, han lehen ligaxkan galtzea.

Asseco Prokomek antzeko taldea dauka. Gdansken segitzen dute Daniel Ewingek, Jan-Hendrik Jaglak, Ratko Vardak eta Adam Hrycaniukek. Zalgirisi dagokionez, Marcus Brown, Travis Watson eta Mirza Begici eutsi die, eta DeJuan Collins fitxatu. Lituaniarrak dira beste guztiak, aski ezagunak batzuk: Salenga, Delininkaitis, Pocius, Kalnietis, eta zeresan handia emango duen gaztea: Mindaugas Kuzminskas.





1.

Bartzelona

Txapela buruan...

...eta ibili munduan. Bartzelonak irabazi zuen maiatzean 2009-2010eko sasoiko Euroliga, eta behin hasita, 2010-2011koa ere lortu nahi du. Nahi eta lortu, edo esan eta egin, kontu zaila izaten da normalean, baina badira salbuespenak. Bartzelonarena bat. Dena dauka alde. Iragan sasoiko talde bera, entrenatzaile bera, jarduteko modu bera. Aldaketa bakarra egin dute, Jordi Triasek taldea utzi eta Kosta Perovic serbiarra fitxatu baitute. N'Dong, Erazem Lorbek, Terence Morris eta Fran Vazquez dorreekin nahiko ez, eta beste bat fitxatu dute. Banan-banan ez dago zalantzarik. Bartzelonak ez du aurkaririk, baina ikusi nahi duenak zirrikituren bat ikus dezake. Itxuraz, Bartzelonak denboraldiko une jakin batzuetan lortzen du gaindiezin izateko fede hori. Maiatzean une aproposean lortu zuten, baina ekainean ez, ekainean Baskoniak ez zion utzi. Norbaitek lortuko al du Lauko Finala Bartzelonan bertan jokatuta?

2.

Olympiakos

Iraultza

Txapeldunorde izan ziren joan den sasoian, baina Bartzelonaren aurka ezinean aritu ziren. 86-68 galdu zuten finala, eta talde berarekin zer eginik ez zutela jabetu ziren Vassilopulos anaiak. Taldea asko aldatu dute, baina makulu izan ziren jokalari batzuei eutsita. Milos Teodosic joko antolatzaileak jarraitzen du, baita Theo Papalukas eskoltak eta Ioannis Burussis pibotak ere. Linas Kleizak eta Josh Childressek hanka egin dute, baina etorri direnekin haien falta ez sumatzeko argudio nahiko dituzte. Marko Keselj fitxatu dutelako, Serbiako izar gaztea. Eta harekin batera, Panathinaikosen ikurra: Vassilis Spanulis. Zerrenda ez da hor bukatzen: Rasho Nesterovic, Matt Nielsen, Jamon Lucas... Aldaketa nagusia, ordea, aulkian egin dute. Panagiotis Giannakisekin eduki zuten pazientzia agortu zaie taldeko jabeei, eta Dusan Ivkovic entzutetsua fitxatu dute. Ondo hasi dira, herenegun Real Madrili aise irabazita.

3.

CSKA Mosku

Bueltan dira

Bueltan dira, baina noizbait joan ote ziren zalantzan jarri behar da. Zortzi Lauko Final jokatu baitituzte jarraian, bata bestearen atzetik. Inork lortu ez duen marka da hori, eta horrek erakusten du Moskun gauzak ondo egiten direla eta taldeak beti direla lehiakorrak. Kontua da Lauko Finala jokatzea ez dela nahikoa, Euroliga irabaztea baizik. 2008an irabazi zuten azkena, eta hiru urteko lehortea gehitxo litzateke Errusiaren ikurrarentzat. Dejan Vujosevic Partizaneko entrenatzaile ohia fitxatu dute gidari lanerako, eta hiru jokalari on fitxatu dituzte: Sergei Bikov joko antolatzailea, Jamont Gordon saskiratzailea eta Bojan Marjanovic dorre serbiarra (2,22 metro). Han jarraitzen du Europako backcourt, kanpoko lerrorik onenak:J. R. Holden, Trajan Langdon eta Ramunas Siskauskas. Matjaz Smodis esloveniarra bueltan da, eta Sasha Kaun eta Andrei Vorontsevitx gazteek ere urtebeteko eskarmentua irabazi dute.

4.

Maccabi

Juduen gurutzada

Urte batzuetan komeria ekonomikoak pasatu ondoren, Israelek nazioarteko arrakasta gehien eman dion kirol taldea gailurrean jartzeko ahalegina egin du berriz, Maccabiren altxortegian milioi asko jarrita. Nazioartean kirolaren bidez oihartzuna lortu eta munduan barrena barreiatuta dauden juduak batzeko modu errazagorik ez du Israelek, eta kirol gurutzada abiatu dute. Israelgo jokalari ezagunenak bildu dituzte David Blatten aginduetara: Eliyahu, Sharp, Burstein, Blutenthal, Green, Pnini eta Elihsay Kadir, joan den sasoian Israelgo ligako jokalaririk onena izan zena. Doron Perkinsek eta Chuck Eidsonek ere Tel Aviven jarraitzen dute, eta saskipean errendimendu on-ona eman dezaketen bi jokalari fitxatu dituzte: Richard Hendrix estatubatuarra eta Sofoklis Schortsianitis greziarra. Ikusteke dago Greziatik urrun ariko den bigarren aldian -Italian aritu zen-nola moldatzen den, kantxan, eta kantxatik at, elikadurarekin batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.