Toronton denboraldia bukatuta, eta, hiru eguneko atsedena hartu ondoren, heldu naiz etxera. Bitxia da hilabete asko hemendik kanpo egon arren heltzerako bi hitzordu edukitzea:bi saskibaloi partida. Tau eta Maccabiren kontrakoa da lehena, eta Tau eta Bartzelonaren arteko igandeko finala bigarrena (espero dut). Tamalez telebistaz ikusi beharko ditut biak, ez baitut Pragara joateko aukerarik.
Zalantzarik gabe une izugarri garrantzitsua da hau Taurentzat. Bigarren Lauko Finala jarraian jokatzeak talde eta klub baten sasoi ona uzten dute agerian. Denboraldian zehar ezin izan ditut Tauren partida asko ikusi, itsasoz bestaldeko telebistetan nekez ikusten baitira Europako partidak. Dena den, estatistiken bitartez jarraitu ditut partidak; zenbakiek jokoa nolakoa den erakusten ez duten arren, oinarrizko ideia egiteko balio dute.
Eskarmentu handia duten jokalariak ditu Tauk, eta hori oso garrantzitsua da Lauko Final bati aurre egiteko. Joan den denboraldian Moskuko finalera heldu ziren jokalari asko daude. Galdutako partidetatik ikasten da, horiek une zehatz batean ezaguna zaizun egoera bati aurre egiten laguntzen dizutelako. Joan den urteko jokalariek, gainera, Moskun egon ez zirenei laguntza osoa emango dietela badakit. Eskarmentua elkarren arten banatu daiteke, eta Taun hori gertatuko da.
Aurretik aipatu dut, baina bigarren aldiz jarraian Lauko Finala jokatzea bereziki azpimarragarria dela errepikatuko dut. Oso talde gutxiren esku dago, eta, lortu dezaketenak, Europako klub indartsuenak dira. CSKA horren adibide argia da. Pragakoarekin laugarren Lauko Finala jokatuko du jarraian, eta, jakina denez, Europako erraldoietako bat da.
Taldekide ohiekin hitz egin izan dut, eta saskibaloian jokatzen hasteko irrikan daude. Maccabi lehen partidan aurkitzea joan den denboraldiko zapore txarra gozatzeko aukera izan daiteke. Nik behintzat oraindik ere gogoratzen dut Moskuko finala, eta oso mingarria egiten zait. Aurten, esan didatenaren arabera, Maccabi ez da joan zen urteko talde bera. Jasikevicius joan da, eta taldeak ez du modu berean jokatzen.
Nire ustez Pragako Lauko Finala joan zen urtekoa baino orekatuago dago, eta lau taldeek irabazteko aukerak dituzte. Dena den, guk irabaztea espero dut. Eta guk diot oraindik ere Tau nire taldea delako. Panathinaikosen kontrako hirugarren partidaren emaitza ikusi nuenean deitu nien. Bukatu berria zen neurketa, eta ia-ia aldagelan sentitu nuen nire burua. Denak oihuka eta algaraka ari ziren. Gogo handia dute benetan Lauko Finala irabazteko.
SASKIBALOIA. EUROLIGA. LAUKO FINALA. IRITZIA. Arantza ateratzeko aukera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu