Pilotalekutik Sazka Arenara. Jauzi erraldoia eman du Baskoniak azken hamarkadetan. Lehen Mailara igotzeko lehian murgilduta egotetik, Lauko Finala bigarrengoz jokatzera, eta, agian, irabaztera. Hogeita bost urte inguru baino ez dira igaro. Mende laurdena. Tarte horretan saskibaloiak eta Tauk berak aldaketa ikusgarria bizi izan dute. «Baloiaz eta hamar jokalariez gain zaila da garai bateko saskibaloiaren aztarnak aurkitzea egungo ikuskizunean», dio Carlos Luquero Baskoniako jokalari ohiak.
Saskibaloiak eta Tauk, neurri batean, eskutik egin izan dute bidea azken urteetan. Kirola profesionalizatu ahala Baskonia dinamika horretan murgildu da, eta, gaur egun, klub eredugarria da. Egoera hori heldu arte, ordea, bide luzea egin behar izan du. «Nire garaian autobusez egiten genituen bidaia guztiak, bi ogitarteko eta ardo botila batekin; gaur egun eltxoa deitzen duten hegazkin txikian mugitzen dira», gogoratzen du Luquerok. Aipatu jokalaria orain dela 25 urte inguru heldu zen Gasteizera, izar gisa, taldea Lehen Mailara eramateko helburuarekin.Garai hartan pentsaezina zen egun Baskoniak duen pabiloia. Pilotaleku Gasteiztarra deitutako frontoian jokatzen eta entrenatzen zuen. Astean zehar, beharra edo klaseak bukatu ostean, bi orduz biltzen ziren bertan. Saskiak muntatu, entrenatu, saskiak desmuntatu... «Bokazio izugarria izan behar zen, bestela ezinezkoa zen erritmo hori jarraitzea».Carlos Luqueroren azken urteetan Iñaki Garaialde hasi zen taldean, eta, berak, oso bestelako egoera bizi izan zuen. Profesionalizazioaren hasiera. «Nire azken urteetan partidako jantziak garbitzen zizkiguten! Harrigarria izan zen aldaketa hura...», gogoratzen du. Gasteiz Irratian kolaboratzen du gaur egun, eta horri esker saskibaloia gertutik jarraitzen du. «Jokalariek egun dituzten baliabideak gure garaian egon izan balira, gaur egungo saskibaloia ezberdina izango litzateke?», galdetzen du Garaialdek.Saskibaloian aipatu aldaketak gertatu ahala Tauk bere aldaketa propioa bizi izan zuen. Iñaki Garaialderen garaian sailkapenaren erdialdean mugitu ohi zen taldea, zuzendaritzatik aldaketa esanguratsua gertatu zen arte. «Min ematen dit hau esateak, baina kanpoko jokalariak ekarri izan ez balituzte... agian Pragako Lauko Finala telebistan ikusi beharko genuke». Garaialdek kantxei 1987. urtean esan zien agur, eta, orduan, kanpoko jokalariak heltzen hasi ziren.Jokalari berri horien artean Santi Abad zegoen. ACBko hamaika taldetan jokatu izan zuen arren, Baskonia du bihotzean gaur egun. Zerbait berezia duen taldea da, bere ustez. «Kantxa zapaltzean dena ematera behartuta zaude». Horretaz gain, Tauren indarra ulertu ahal izateko zertzelada batzuk ematen ditu. «Taun bizi izan nuena Iñaki Garaialderi esker izan zen, eta klub horri gora egiteko aukera eman zioten jokalari guztiei esker». Gasteizera heldu diren jokalari guztiak Baskoniaren nortasunaz kutsatu dira, eta, Abaden ustez, hori da egungo taldearen indarra ulertzeko giltza. Iñaki Garaialde,ordea, beste pauso bat harago doa: «'Baskoniaren jarrera' deitu izan dena Santi Abaden belaunaldian sortu zen». Gasteizko jokalariek kluba eta hiria maitatzea normala da, baina kanpotik etortzen direnek modu berean sentitzea... «Kalitate aldetik bultzada eman zuten, jarrera mantenduz, eta horigaur egunera arte mantendu da; hori da Tauren altxorra», adierazi du Garaialdek.
SASKIBALOIA. EUROLIGA. LAUKO FINALA. Pilotalekutik Sazka Arenara
GASTEIZKO SASKIBALOIAREN HISTORIA. Ardatz bera mantendu arren aldaketa sakona izan du Baskoniak azken 30 urteetan. Hori esan diote BERRIAri urte horietan taldean aritutako zenbait jokalarik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu