SASKIBALOIA. EUROLIGA. Oporrak

Unicajak, Zalgirisek eta Bambergek adio esan diote Euroligari aurtengoz; CSKA Mosku, Bartzelona eta Olympiakos, aldiz, final-laurdenetan daude

Andoni Urbistondo.
2006ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Martxoan oporrak. Batzuek horrela izango zela onartuta zuten aspaldi. Beste batzuek, ordea, ez, eta muturreko handi samarra hartu dute oporretan daudela jakin ostean. Bambergentzat opari gozoa izan da Top 16a. Bazekien ez zuela final-laurdenak jokatzeko batere aukerarik eta kanporatzea ez da trauma handia izan. Zalgiris Kaunas iraganean izan zen taldea izateko bidean doa, pausoz pauso, eta haien kanporatzea ere ez da harritzeko modukoa.

Harrigarria da, ordea, Unicajaren agurra. Espainiako talde indartsuenetakoa ekonomikoki,izen handiko fitxaketa garesti bi egin zituzten sasoi hasieran Euroligako Lauko Finala jokatzeko, Marcus Brown eskolta eta Daniel Santiago pibota. Ezin hobe hasi ziren, eta lehen faseko talde onenaren txapelik gabeko titulua eskuratu. Sailkapena gogortu denean, ordea, neurria eman behar zenean, kale egin dute eta azaroa arte itxaron beharko dute gutxienez Malaga aldean, Europako talde handienak han berriro jokatzen ikusteko.Malagatik Bartzelonara, udaberria gozo-gozoa dator Katalunia aldean. Ivanovic entrenatzailearen lana kolokan jartzeraino, oso pattal ekin zion Bartzelonak Euroligari. Bere multzoko laugarren postuan sailkatu zen, Top 16 zaila ziurtatzen zion postua, baina lau partida jokatu eta lauak irabazi ditu. Final-laurdenetan dago eta bere martxa onena hartzeko asko sufritu duen talde ikusgarriarekin.Bartzelona bezala daude Moskuko CSKA eta Atenasko Olympiakos. Alegia, final-laurdenetako txartela poltsikoan dutela. Ez daude erabat lasai, halere. Euren multzoko lehen postuan sailkatu nahi dute, final-laurdenetako partida erabakigarria jokatu behar balute etxeko zaleen epelean jokatuko luketelako. Hurrengo jardunaldian argi daiteke zalantza hori, Olympiakosek Bartzelona hartuko duelako. CSKA Baskoniak Lituanian galdu zain egongo da.

Panathinaikos larri

Unicajaren bide bera jarrai dezake Panathinaikosek hurrengo asteazkenean. Garaipena lortu zuen azken jardunaldian, baina lehen hirurak galdu ondoren, zama astunegia izan daiteke. Panathinaikosen kanporatzea berri ona da Baskoniarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.