Krisiak gizarteko hainbat arlo zigortu ditu, baita saskibaloi taldeak ere. Egun ez dira iraganean bezain sarri entzuten hainbeste milioi euroko fitxaketak, edo hainbeste milioiko soldatak, baina dirua, egon, badago, eta talde aberatsenek libratu dute ondoen krisia. Betidanik gehiago eduki duenak krisi garaian ere gehiago daukalako izango da. Talde horien aurrekontuei begiratu bat bota beste lanik ez daukagu, egin duten apustuaren garrantziaz jabetzeko.
Zeudenak daude. Bartzelona txapelduna da erregeetan errege. Real Madrilek eta Olympiakosek erregetza hori nahi dute, eta Maccabik eta CSKAk oso talde indartsuak eraiki dituzte, berriro izan zirena izateko asmoz. Itxuraz, Panathinaikos aldare horretatik jaitsi da, eta aldarera igotzen ahaleginduko dira Baskonia, Sienako Montepaschi, Partizan eta beste. Apustu etxeen iragarpenak aintzat hartuz, zalantzarako tarterik ez. Bartzelonak irabaziko du Euroliga. Baskonia hamalau euroan ordaintzen da.
Hilabete batzuetan izar askok egin dute jauzia NBAra. Han sos gehiago ordaintzen da, eta aukera izan dutenek nahiago izan dute lehiaketaz aldatzea. Hala gertatu da joan den urtean Olympiakosen izarrak izan ziren bi jokalariekin; Josh Childress eta Linas Kleiza. Nikola Pekovic ere Minnesota aldera joan da, eta Tiago Splitter Texasera, baina Europa eta Euroliga oso handia da lau izarren agurrari aurre egiteko, eta arazorik gabe beteko ditu urteak, eta hamarkadak.
Helburu xumea du Baskoniak Euroliga hasieran:Top16rako sailkatu, eta gero gerokoak. Zortzi onenen langa eta Lauko Finala urrun ikusten dira orain,baina lehiaketak taldeak dituen gabeziak estal ditzake.
Arantzaz betetako bidea
A. U.Iraganeko zurrunbiloak eraman ditu berarekin Baskonia Lauko Finala jokatzeko hautagai serioa zen garaiak. Gaur-gaurkoz bestelakoa da egoera, eta zintzo onartu behar da arabarrek ez dutela hain kirol helburu mamitsurik. Horrek ez du esan nahi Bartzelonako Lauko Finala jokatzea ezinezkoa denik, baina nahiko zaila da. Josean Kerejeta presidentea bera ohikoa dena baino zuhurtasun handiagoarekin mintzatu zen herenegun: «Gure helburua Top16a jokatzea da, eta gero gerokoak. Gurea baino bospasei talde indartsuago daude, baliabide ekonomiko gehiago dituztenak, eta ezin dugu haiek urtero egiten dituzten fitxaketak egin. Daukagunarekin ahalik eta lan txukunena egitea da asmoa».
Pazientzia ezinbesteko bidaia-laguna izango da multzoen lehen fasean. Baskoniak, gauzak ondo, sufritu egingo du. Ez lau onenen artean sailkatzeko, Asseco Prokom eta Zalgiris Kauna baino askoz gehiago delako, baina beste hiru aurkariak tentuz zaintzeko modukoak dira. Batez ere bihar Gasteizera bisitan etorriko den taldea: Maccabi Tel Aviv. Israeldarrak dira A multzoko lehen postua lortzeko faboritoak, eta lehia estua espero da bigarrenaren jabe egiteko. Baskonia bera, Partizan eta Moskuko Khimki izanen ditu aurkari euskal taldeak.
Poloniara eta Lituaniara egin beharreko bidaiak ez dira errazak izanen, eta zer esanik ez, Israel, Errusia eta Serbiara egin beharrekoak. Etxean sendotasunez jardutea erabakigarria izanen da, beti bezala, baina egutegiari erreparatuta, are gehiago. Baskoniak etxean hasi eta bukatuko du lehen fasea, baina multzoko bi talde indartsuenen aurka. Maccabi hartuko du bihar, eta Partizan azken partidan, Gabonen bezperan. ligaxkako lehen lau jardunaldietan egon daiteke gakoa, Asseco Prokom eta Zalgirisen aurka jokatuko baitu Baskoniak.
Ligaxkak ezer gutxi erabakitzen duela esaten da, baina ez da egia, sailkapen txar batek Top16 fasean gaindiezin izan daitezkeen taldeen aurkako norgehiagokak ekar ditzakeelako. Multzoko hirugarren edo laugarren postuak ia ezinezko egingo luke Baskonia zortzi onenen artean sartzea.
Maccabi faboritoa alde batera utzita, urduritasun apur bat sortzen da Khimkiren jokalari zerrenda ikusita. Thomas Kelati-hilabeterako dago min hartuta-, Aleksei Savrasenko, Viktor Monya, Zoran Planinic, Benjamin Eze eta Kresimir Loncar Kreso fitxatu dituzte. Keith Langfordek, Raul Lopezek eta Vitali Fridzonek taldean jarraitzen dute, eta Sergio Scariolok joan den sasoiko taldea hobetu du nabarmen.
Partizanek asko galdu du -Bo McAlebb eta Lawrence Roberts estatubatuarrak eta Aleks Maric australiarra-, baina taldean jarraitzen du Europako talentu handienetakoak, Jan Veselyk. Baita Dusan Kezman eta etorkizun on-ona duten beste hainbat gaztek ere. Branislav Djekicek, adibidez. Partizanek Belgradeko Pionir kantxa gaiztoa du makulu. Handik garaile irtetea ezinezkoa da, 22.000 zale sutsuen oihu festan itota, eta hobe, galtzekotan, han lehen ligaxkan galtzea.
Asseco Prokomek antzeko taldea dauka. Gdansken segitzen dute Daniel Ewingek, Jan-Hendrik Jaglak, Ratko Vardak eta Adam Hrycaniukek. Zalgirisi dagokionez, Marcus Brown, Travis Watson eta Mirza Begici eutsi die, eta DeJuan Collins fitxatu. Lituaniarrak dira beste guztiak, aski ezagunak batzuk: Salenga, Delininkaitis, Pocius, Kalnietis, eta zeresan handia emango duen gaztea: Mindaugas Kuzminskas.