SASKIBALOIA. MUNDUKO TXAPELKETA. Baloia, bidegurutzean

Munduko Saskibaloi Txapelketa jokatuko da bihartik irailaren 12a arte, Turkian

Andoni Urbistondo.
2010eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Istanbul Turkia da. Turkia da Istanbul. Hamabi milioi biztanleko hiri erraldoi horretan bilduko dira saskibaloi baloi baten inguruan sortzen diren sentipen muturrekoenak bi astean. Istanbul da bi kontinentetan barrena hedatzen den hiri erraldoi bakarra: Europan dago zati bat, eta Asian bestea. Munduko Txapelketak bost kontinenteetako 24 selekzio elkartuko ditu, baina dominak, eta urrea, hiru kontinentetako selekzioen artean banatuko dira.

Turkia Asian dagoen heinean, dominen bat eman diezaioke kontinente horri, baina lan zaila du. Afrikak, Ozeaniak eta Asiako beste selekzio guztiek jai dute. Polita izango da Europa eta Amerikaren arteko dema, ezeren okerrik ez dela Europak pisua galduko duelako Amerikaren mesedetan. Espainia, Grezia eta Serbia daude alde batean, eta AEBak, Puerto Rico, Argentina eta Brasil beste aldean. Hiru hautagai lauren kontra.

Istanbul bide, kultura eta erlijio bidegurutzea da. Ehunka meskita daude, iraganean egindako bekatuen erredentzioa lortzeko leku aproposak. Iraganeko zorrak kitatzeko leku aproposagoak dira kantxak. Badaude batzuk. AEBak dira aurkari gaiztoena. Espainia haiekin zorretan da, baita Argentina ere. Espainia eta Argentinaren artekoa ere ez da maitasun istorioa. Puerto Rico, Brasil eta Turkia zorretan daude historiarekin. Beti dira hautagai lan ona egiteko, ia beti egiten dute kale. Serbia bere historiarekin dago zorretan. Serbia eta Grezia saskibaloi zaleekin daude zorretan, saskibaloian baloiarekin jokatzen delako, ez aulkiekin.

A multzoa

Alemania, Angola, Argentina, Australia, Jordania eta Serbia

Lau talde sailkatuko dira multzo bakoitzetik azken zortzirenak jokatzeko, eta multzo honetan argia da banaketa. Angola eta Jordania geratuko dira bidean, azken selekzio horrek ezustekoren bat eman badezake ere. Multzoko lidergoak sari mamitsua dakar: AEBak, txapelketako mamua, final handia arte saihestea, eta hori oso sari gozoa da. Serbia eta Argentinaren artekoak behar luke borroka. Serbiak dena du, baina guztiaren gainetik, talentu mugagabea eta gaztetasuna. Edozertarako gai da, munduko harrobi onena duelako (Teodosic, Tepic, Velickovic, Bjelica, Keselj, Macvan, Savanovic, Radulijca, Krstic, Perovic...).

Argentinak eskarmentua du alde, eta adinean gora doan belaunaldia aurka. Konpromisoan ez die inork irabazten, eta hori garrantzitsua da nazioarteko txapelketetan. Lauzpabost jokalari bikain ditu -Scola, Prigioni, Delfino, Oberto...-, baina aulkiko erreleboa ez da hain ona. Ginobilirekin hobea da, baina Delfinok sekulako jauzi kualitatiboa egin du sasoi honetan, eta Manudona-ren hutsunea ez da hainbeste nabarituko. Gehiago nabarituko da agian Nocionirena. Alemania Nowitzki eta Kaman gabe ariko da; eta Australiak, Bogut gabe jokatuta ere, badu oilarren bat izutzeko lehengaia: Andersen, Maric, Nielsen eta Mills ez dira herrenak.

B multzoa

AEBak, Brasil, Eslovenia,Kroazia, Iran eta Tunisia

Multzo honetan ere, zalantza gutxi. Iran eta Tunisia geratuko dira bidean, eta AEBek lortuko dute lehen postua. Brasilek eman dezake ezustekoa. Brasilek beti izan du prentsa ona, baina arrazoi bategatik edo besteagatik, beti geratu da bidean. Turkian arrazoi on bat du amets egiteko: talde betea eta sendoa du. Joko antolatzaile ona dute: Marcelinho Huertas; eskolta saskiratzailea: Barbosa; eta bi pibot handi:Splitter eta Varejao. Hilario galdu dute, giharretako lesio baten erruz.

AEBek igandean erakutsi zuten Madrilen Turkiara urrearen bila doazela, eta ez turismoa egitera -Espainiari irabazi zioten, munduko txapeldunari-. Taldeak lehen mailako izar gutxi du, Durant baino ez, baina jokalari on asko ditu: Rose, Curry, Odom, Billups... 1994an lortu zuten azkenekoz urrea, eta hamasei urte urte asko dira urrerik gabe irabazi gabe egoteko munduko onenentzat. Kroazia eta Esloveniaren jarduna ona edo txarra izango den asmatzea zaila da. Gorabehera askokoa da Kroazia. Esloveniak berarekin fidatzeko moduko arrazoi gehiago eman ditu, jokoari dagokionez. Selekzio barruko giroa, ordea, gaiztotuta dabil aspaldi. Brasil mendera dezakete biek.

C multzoa

Boli Kosta, Errusia, Grezia, Puerto Rico, Turkia eta Txina

C multzoan lana dago. Apustuek diote Boli Kosta eta Txina bidean geratuko direla. Txinaren kasuan arrazoi dute, Yao Ming gabe jai dutelako. Boli Kostak ilusioa du sobera, eta gai da Errusia menderatzeko, hankamotz samar etorri baita hori. Errusiarrek jokalari asko falta dituzte: Kirilenko, McCarty, J. R. Holden, Hansen... baina jokalari sail interesgarria ere bai: Bikov, Vorontsevitx, Khriapa, Kaun, Mozgov... Puerto Ricoren lana ere oso ona edo oso txarra izan liteke. Klima tropikaleko herrialde bat da, eta horrek batzuetan lokartu egiten dituela dirudi. Bi joko antolatzaile on ditu: Arroyo eta J. J. Barea. Balkman gaztea da hegalekoa, eta saskipean bi dorre ditu: P. J. Ramos eta Santiago. Orain bi aste Ayuso eta Dalmau bikoak selekzioa utzi zuten, entrenatzaileak hasierako bostekoan kantxaratu ez zituelako.

Grezia eta Turkia dira multzoko lidergoa eskuratzeko hautagaiak, baina sendoagoa da Greziaren hautagaitza. Spanulis Europako onenetakoa da une kritikoetan, eta Diamantidis ere aparta defentsa lanean. Hirukoak jaurtitzen ere jokalari trebeak ditu eskura Jonas Kazlauskas entrenatzaileak: Burussis, Vassileiadis, Vassilopulos, Fotsis, Mavrokefalidis... Saskipean 148 kiloko morrosko bat dauka: Skhortsianitis. Eta Turkia zer? Turkoglu eta Ilyasova ditu, NBAn ari diren bi izar. Baita bi hilabete barru NBAko abentura hasiko duten beste bi gazte polit ere: Asik eta Erden. Hortik aurrera, jokalari interesgarriak ditu Turkiak, baina nahiko ezezagunak: Arslan, Tunceri, Savas... Sei urte daramatzate Munduko Txapelketa prestatzen, eta finalerdiak jokatzen ez badituzte, porrot handia izango da.

D multzoa

Espainia, Frantzia, Kanada,Libano, Lituania etaZeelanda Berria

Multzo ahulena da, eta Espainiak aise lortu behar luke lidergoa. Calderon galdu dute azken unean, eta Pau Gasolek atseden hartzea erabaki du, baina talde betea dute, halere. Marc Gasolek etorkizun ona du NBAn, eta Navarro eta Rudy Fernandez ere munduko liga onenean aritutakoak dira. AEBak gainditzeko zorian egon ziren joan den igandean jokatutako lagunartekoan, eta konfiantza irabazi dute. Ordezkoen ekarpena handiagoa izatea lortu behar du Sergio Scariolok. Mumbru, San Emeterio, Claver, Llull, Garbajosa, Vazquez... horiek ere beharrezkoak izango ditu urrea eskuratzeko bidean.

Frantziarentzat edo Lituaniarentzat izango da bigarren postua, eta Kanada, Libano eta Zeelanda Berria, laugarren postua lortu, eta Turkian egun pare bat gehiago geratzen saiatuko dira. Bai Frantzia, bai Lituania une oparoenetik urrun daude. Frantziak NBAko izarrak gabe jokatuko du Turkian: Noah, Turiaf, Parker eta Mickael Pietrus. De Colo, Batum, Diaw, Florent Pietrus eta Traore daude, baina ez dirudi nahikoa goian ibiltzeko. Lituaniari dagokionez ere, antzekoa da oso egoera: Jasikevicius, Siskauskas, Kaukenas eta Lavrinovic anaiek atseden hartzea lehenetsi dute. Kleiza izango da izarra, eta bultzaka datozen gazteen laguntza jaso ezean (Gecevicius, Andriuskevicius eta Pociu, besteak beste), Lituaniak jai du.



Zenbakia

29

ACB ligako jokalariak. ACB ligako 29 jokalarik parte hartuko dute Turkian. Mundu osoko liga guztien artean bigarrena da, NBAn ari diren jokalarien kopurua 44koa baita. Euskal taldeei dagokionez, zazpi jokalari ariko dira. Hiruna Bilbo Basket (Mumbru, Banic eta Vassileiadis) eta Baskoniakoak (Huertas, San Emeterio eta Bjelica), eta jokalari bakarra Lagun Arokoa: Mohamed Kone (Boli Kosta).



Txapelketako izar nagusiak

Luis Scola

Argentina

Jaioterria: Buenos Aires (Argentina).

Taldea: Houston Rockets.

Postua: hegal-pibota.

Adina: 30 urte.

Garaiera: 2,06 metro.



Manu Ginobili herrikidearen hutsunea baliatu, eta selekzioa gidatzeko ardura hartu du bizkar gain. Bederatzi milioi euro irabaziko ditu urteko NBAn hurrengo bost urtekoan. Hazi egiten da nazioarteko txapelketetan, eta azken aukera izan lezake Munduko Txapelketan urrea lortzeko. Denboraldian 16,4 puntu eta 8,7 errebote lortu ditu batez beste partidako.



Leandro Barbosa

Brasil

Jaioterria: Sao Paulo (Brasil).

Taldea: Toronto Raptors.

Postua: hegalekoa.

Adina: 28 urte.

Garaiera: 1,91 metro.



Saskiratzaile petoa da. Barneraldietan trebea, eta kontraerasoak bukatzen bikaina. Jaurtitzeko modua egiteko gaitasuna du, eta metro bat emanez gero, min handia egin dezake, oso azkar jaurtitzen baitu. Haren jarduna gorabeheratsua da. Ondo dagoenean geldiezina da, baina asmatzen ez duenean berekoikeriaz jokatzen du eta kalte egiten dio taldeari.



Kevin Durant

AEB

Jaioterria: Washington D. C. (AEB).

Taldea: Oklahoma City Thunder.

Postua: hegalekoa.

Adina: 21 urte.

Garaiera: 2,06 metro.



Izar distiratsuak daude NBAn, baina Durantek itzalpean utzi ditu denak, ligako saskiratzaile onena bihurtuta. Erraz esaten da, baina 30,1 puntu lortu ditu gauero. Estetikoki dotorea da jaurtiketan, fisikoki indartsua, eta 2, 3 eta 4 postuetan joka dezake duen gaitasun atletikoari esker. Etorkizuna berea du, eta etorkizun hori Turkian has daiteke.



Marc Gasol

Espainia

Jaioterria: Sant Boi de Llobregat (Katalunia).

Taldea: Memphis Grizzlies.

Postua: pibota.

Adina: 25 urte.

Garaiera: 2,15 metro.



Pau anaiaren arrastoari segika, handi egin da NBAn, urtez urte nabarmen hobetuz. Oso handia da, baina bizkorra saskipean. Bizkarreko jokoan asko hobetu du, eta trebea da txapelak jartzen eta asistentziak ematen. Espainiaren erreferentzia izan beharko luke, Navarrorekin batera. 14,6 puntu eta 9,3 errebote lortu ditu batez beste NBAn.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.