«Ondo nago, hasteko gogoz». Juan Martinez de Irujori ere iritsi zaio txanda. Igandean ekingo dio lau t'erdiko txapelketari, Eibarko Astelena pilotalekuan, Julen Retegiren aurka. «Huts egiteko aukeraren bat edo beste badaukagu final-laurdenetako ligaxkan, baina azken partida izango balitz bezala kantxaratuko naiz». Nafarra gustura geratu zen aukeratutako bi pilotekin (106,3 eta 106,9 gramokoak), eta Retegi Bik ere ez zuen aitzakiarik jarri. «Pilota bat bestea baino biziagoa da. Ez dago arazorik pilotekin». Ekaitz Saralegiri irabazita Retegi «indartuta» iritsiko dela uste du Irujok. «Galtzen hasi ondoren, irabazteko gai izan zen, eta indarra ematen du horrek. Hori bai, nik neurea egin behar dut ». Irujori irabaz diezaiokeela sinetsita dago Retegi. «Bestela ez nintzen kantxaratuko! Zaila izango da, baina finaleraino iristea da nire helburua».
Xala eta Arretxe ere gustura
Ives Salaberri Xala-k eta Iker Arretxek ere atzo aukeratu zituzten pilotak, Hendaian, eta gustura geratu ziren biak. 106,2 eta 104,3 gramoko pilotak aukeratu zituen Xalak, eta 106,3 eta 106,2 gramokoak Arretxek. Bihar jokatuko dute, Hendaian bertan (20:30).
«Sasoi onean eta jokatzen hasteko gogoz» dago Martinez de Irujo
Iberokoa gustura geratu da aukeratutako bi pilotekin, eta baita Julen Retegi ere; igandean jokatuko dute, Eibarren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu