Bera Bera. Zoqby, Carneiro (3), Rubio (1), Punko (5), Altuna (2), Pinedo (5) eta Fernandez (8) -hasierako zazpikoa- Cuña (o.a.), Arizaga, Menendez, Rodriguez, Berta, Campa eta Ziarsolo (2).
Bm Alcobendas. Ciobanu, Morante (3), Arderias (3), Garcia, Alvarez (1) eta Lupez (7) -hasierako zazpikoa-, Carrera (o.a.), Aramendia (1), Iglesias (1), Iglesias, Prieto, Sainer, Navas eta Gonzalez (3).
Markagailua. 2-1, 4-1, 6-4, 8-6, 11-9, 12-12 (ats.), 15-13, 17-15, 18-17, 20-18, 23-18 eta 26-21.
Epaileak. Fernandez eta Garcia. Txartel gorria Bera Berako Carneirori (hiru aldiz egotzi zuten bi minutuz), eta bi minutuz egotzi zituten Bera Berako Pinedo eta Punko, eta Alcobendaseko Navas.
Bestelakoak. 1.500 ikusle Alteako (Herr. Kat.) kiroldegian.
Bera Berak eta Itxakok denboraldiko derbirik berezi eta garrantzitsuena jokatuko dute gaur (11:00, TDP). Espainiako Kopako finalean ariko dira elkarren aurka, eta sasoiko lehen titulua izango dute jokoan. Bi euskal taldeak ABF Ligako lehen bi postuetan daude, eta finalera iristeko hautagai nagusiak ziren. Gaur, halere, Itxako da faboritoa, ligako bi derbiak irabazi dituelako, hori bai, biak ozta-ozta: 27-28 eta 27-26.
Bera Berak kopako zortzigarren finala jokatuko du, eta hirugarrenez irabaztea izango du helburu. Egun handira iristea, baina, ez da erraza izan, eta atzo ondo kostata kanporatu zuen Alcobendas. Lehen zati orekatuaren ondoren, bigarrenean donostiarren eskarmentua eta batez ere atezainen lana erabakigarria izan zen. Reyes Karrerek atepeko bikoa goratu zuen bukaeran. «Bi atezain bikainek jokatu dute gaur, MIchelak eta Darlyk» .
Bera Berak ondo hasi zuen partida (5-1, 11. min.). Defentsa lan zorrotza egin zuen, baina ez zuen kontraerasorik eragin. Geldikakoan, baina, Pinedok eta Punkok aterako bidea aurkitu zuten. Alcobendasek hegaletan aurkitu zituen defentsa zulatzeko zirrikituak, eta apurka-apurka aldea murrizten joan zen (8-6, 20. min.).
Bera Beraren atzeko lanaren euskarria Carvalho pibotea zen. Gogor defendatu zuen atzokoan, eta 22. minuturako bi aldiz egotzi zuten. Karrerek hura babestea erabaki zuen, eta pistatik irten zenean Alcobendasek erosoago jokatu zuen. Lopez eta Morante hegalekoen artean zazpi gol sartu zituzten lehen zatian, eta Alcobendas aurretik jartzera iritsi zen (12-11). Nabarmentzekoa ere Ciobanu atezainak eginiko lehen ordu erdia. Dena den, zatiko azken gola Bera Beraren aldekoa izan zen (12-12).
Atsedenaldiko errietak eragina izan zuen, eta Bera Berak okertzen hasia zen partida zuzendu zuen. Kosta zitzaion, halere, Alcobendasek ez ziolako bi goletik gorako errentarik hartzen utzi (18-17, 45. min). Esperientzia, baina, oso garrantzitsua da kanporaketetan, eta donostiarrek gehiago dute, eta partidako azken ordu laurdenean nabaritu zen.
Kirioak eragina izaten hasi ziren, eta Zobqy erraldoi bilakatu zen Bera Beraren atean. Alcobendasek bost minututik gora egin zuen golik sartu gabe eta hiru baino ez zituen lortu azken hamabost minutuetan. Bera Berak, bere aldetik erasoko arazoak ez zituen erabat konpondu, baina banakako jokaldiei esker aldea handitzen joan zen.
Eider Rubio eta Betariz Fernandezen jarduna erabakigarria izan zen bigarren zatian. Aurrenekoak partidako jokalari onenaren saria jaso zuen, eta besteak zortzi gol sartu. Jokalari espainiarra amesgaiztoa izan zen madrildarrentzat.
Carvalhok ere lan txukuna egin zuen, eta partida bukatzeko sei minutu falta zirenean egotzi zuten hirugarren aldiz. Txartel gorria ikusi zuen, baina Bera Berak lau goleko errenta zuen ordurako (22-18, 54. min). Azken minutuetan aldea kudeatzen jakitea zen, eta Alcobendasek utzitako zuloak baliatzea. Behar bezala egin zuen eta bukaerako aizan zen partidako gol alderik handiena. Gaur partida zailagoa izango dute, eta erasoan finago ibili ezean kostata garaituko dute Itxako.
Bera Bera 26. Alcobendas 21
Sasoiko derbirik bereziena
Bera Berak bigarren zatiko lanari esker irabazi du, eta Itxakoren aurka ariko da gaur kopako finalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu