Hirugarren jardunaldian lortu ditu Athleticek sasoiko lehen hiru puntuak. Bilbotarrek aise irabazi diote Getaferi San Mamesen, eta lehen zatian utzi dute bideratuta lehia.
Joan den sasoiko lepotik du burua Aritz Aduriz aurrelariak. Hark egin ditu Athleticen bi gol. Partida hasi eta berehala sareratu du aurrenekoa, lehen zutoinera erdiratutako korner bat buruz errematatuta (6. minutua). Bigarrena 24. minutuan heldu da, buruz hura ere, Susaetak ezkerretik baloia erdiratu eta Raul Garciak erremate zoragarria eginda. Nafarraren debuta izan da Athleticekin, eta 78. minutuan kendu du Ernesto Valverdek; zaleen txalo artean joan da aulkira.
Partida ia erabakita zela, 2-1ekoa egin du Getafek 69. minutuan, Velazquezen jaurtiketa baten bidez. 83. minutuan, ordea, Athleticen hirugarrena egin du Adurizek kontraerasoan.
Hurrengo jardunaldian Vila-Realekin ariko da Athletic; igandean izango da partida, 18:15ean.