Txirrindularitza

Segundo bategatik, podiumetik kanpo

Mikel Landak (Sky) gutxigatik ez du bihar Parisko podiuma zapalduko. Chris Froomek (Sky) aise menderatu ditu Rigoberto Uran (Cannondale) eta Bardet, eta bihar Parisen lehen postua ziurtatua du. Maciej Bodnarrek (Bora) irabazi du erlojupekoa.

Mikel O. Iribar.
2017ko uztailaren 22a
18:51
Entzun

Mikel Landari ez zaio urte luzez ahaztuko aurtengo Tourra. Segundo bategatik ez da podiumean sartu. Bere aurkariekin alderatuz, sekulako erlojupekoa egin du. Lehen hamar kilometroetan, Landak lau segundo ateratzen zizkion Fabio Aruri (Astana), eta Bardeti, hemeretzi. Murgiarrak laugarren postua ziurtatua zuen jada, baina podiuma zapaltzeko gosez joan da hurrengo kilometroetan. Bestalde, lehen postuan lehiatzen ari ziren oilarren artean Froomek egin du denborarik onena aurreneko puntuan; Urani 24 segundo ateratzen zizkion eta Bardeti 43 segundo.

 

Bigarrengo zatian aldeak gehiago handitu dira faboritoen artean. Alde batetik, Landak Aruri hamazazpi segundo ateratzen zizkion, eta Bardeti 44 segundo. Bestetik, Froomek Uranekiko hemezortzi segundoko aldea zuen eta Bardeti minutu eta hamalau segundo ateratzen zizkion. Horrez gain, Uranek jada, bigarren postuan finkatua zuen, eta hala, Bardeti bigarren postua kendu dio.

 

Amaieran, Landak Bardeti minutu eta hamabi segundo atera dizkio eta segundo eskasera ez da hirugarren postura igo. Froomek arerioak aise menderatu ditu eta Urani 25 segundo atera dizkio bukaeran. Bestalde, Bodnar poloniarrak irabazi du Frantziako Tourreko azken aurreko etapa. Behin baino gehiagotan erakutsi du aitzin-etapak irabazteko hautagai nagusia dela. Tony Martin erlojupeko txapelduna, aldiz, uste baino pattalago ibili da eta laugarren postuan amaitu du, Froomen atzetik. Horrenbestez, gaurko etaparen sailkapena eta nagusia honela geratu dira:

 

Hogeigarren etapa:

 

1. Maciej Bodnar (Bora) 28.15

2. Michal Kwiatkowski (Sky) 1era

3. Chris Froome (Sky) 6ra

4. Tony Martin (Katuxa) 14ra

5. Daryl Impey (Orica) 20ra

6. Alberto Contador (Trek) 21era

7. Nikias Arndt (Sunweb) 28ra

8. Rigoberto Uran (Cannondale) 31era

9. Stefan Kung (BMC) 34ra

10. Sylvain Shavanel (Direct) 37ra

 

Sailkapen nagusia:

 

1. Chris Froome (Sky) 83.55.16

2. Rigoberto Uran (Cannondale) 54ra

3. Romain Bardet (AG2r) 2.20ra

4. Mikel Landa (Sky) 2.21era

5. Fabio Aru (Astana) 3.05era

6. Daniel Martin (Quick) 4.42ra

7. Simon Yates (Orica) 6.14ra

8. Louis Meintjes (UAD) 8.20ra

9. Alberto Contador (Trek) 8.49ra

10. Warren Barguil (Sunweb) 9.25era

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.