Sei lasterketetan sei irabazle izan dira aurten Munduko Txapelketan

Webberrek atzean utzi du iazko urte zaila, eta, Monakoko Sari Nagusia irabazita, nahiko ondo kokatu da titulurako

Laurentzi Garmendia
Donostia
2012ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Errekorra da dagoeneko: sei garaile izan ditu aurtengo denboraldiak beste horrenbeste lasterketatan. Mark Webberrek, errekorraz gain, beste zerbait ere lortu zuen herenegun, Monakoko Sari Nagusian: txapelketan Vettel taldekidea puntuetan berdintzea. Titulurako borrokan murgildu da erabat. Orain arte gidari erregularra izan da oso, ia beti puntuak lortuz. Orain, garaipenari esker, titulua eskuratzeko lehian sartu da. Hark bezala, beste bost gidarik gauza bera egin dute orain arte. Fernando Alonso dago berriro lider, baina oraingoan sinesgarritasun handiagoa du.

Espainiarrak urteko bigarren lasterketan hartu zuen lidergoa, eta ez da asko urrundu ordutik. Bigarren aldiz jarri da orain lider garbi, seigarren lasterketan. Urtearen laurdena baino gehiago joan denez, postu horri lehen baino garrantzi handiagoa eman behar zaio. Eta ez horregatik bakarrik: Ferrari autoa aurrerapausoak ematen ari da. Berez aurkari gogorra da Alonso, eta lasterketako puntuei etekin handiena ateratzen die. Orain, ordea, auto hobea duelarik, lidergoa kentzea asko kosta behar zaie aurkariei.

Sei proben ostean, oraindik irabazi ez duen gidari baten hutsunea nabari da. Lewis Hamiltonek hiru pole daramatza, Katalunian baliogabetu ziotena aintzat hartuta. Lasterketan inoiz ez da hirugarren postutik gora sailkatu, ordea. Lehen hiru lasterketetan gertatu zen hori, eta gerora emaitza apalak lortu ditu. Hurrengo lasterketa Kanadan jokatuko da, ekainaren 10ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.