Oihana Cereijo. San Juaneko arraunlaria

«Sei traineruek daukagu sailkatzeko aukera»

Gogotsu dago denboraldia ofizialki hasteko, aurretik lan handia egin eta gero. Euskotren ligan sartu nahi du, eta oso garbi dauka lehia estua izango dela.

Aitor Manterola Garate.
Pasai Donibane
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Ez da giro Pasai Donibanen: eguraldi euritsua da erabat. San Juanen instalazioetan, babesean, hobeto egoten da. Haurrak daude barruan, neskak ia denak, arraunean ikasteko ikastaroan. Indar hartzen ari da emakumezkoen traineru lehia, eta gero eta haur gehiago biltzen da klubetara. Egungo arraunlariek egindako lanagatik da, eta horietako bat da Oihana Cereijo (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1990). «Irrikaz nago lehian hasteko, negu osoan prestatzen aritu eta gero». Bihar eta etzi, erronka polita izango du.

Zenbat aukera dauzka San Juanek Euskotren ligara sailkatzeko?

Gure asmoa sailkatzea da, eta aukera ikusten dugu. Emakumezkoen traineruen maila asko igo da, eta gu ere gora goaz. Ontzia ateratzen hasi ginenetik, taldearen zati handiena bera da, eta gero eta hobeto moldatzen gara.

Aurreko urteetan ondo ibili zarete, baina zerbait falta izan zaizue goi-goian sartzeko. Aurtengoa izango al da zuen urtea?

Aurreko urteetan hor ibili gara, ez goian eta ez behean, erdialdean beti. Getaria-Tolosa eta Zumaia urruti ikusi izan ditugu aurreko urteetan, eta aurten gertuago gaudela uste dut.

Biharko eta etziko estropadei begira, ez dago erreferentziarik, ontzi denok batera ez zaretelako lehiatu. Zuek zerbait gehiago ba al dakizue?

Batera ez gara aritu, beti falta izan da norbait. Ez dakigu nola dauden besteak. Hori gipuzkoarrei dagokienez, eta, jakina, Galiziari buruz are eta informazio gutxiago daukagu. Hala ere, esan daiteke atzekoen eta aurrekoen arteko aldea txikitu egin dela. Ez zait iruditzen atzean geratzen direnak oso alde handiarekin geratuko direnik.

Galizia barruan ikusten al duzu?

Selekzioa osatzen dute beraiek, eta gu, berriz, klubak gara. Galizian zaletasun handia dute, eta selekzioa egitea ez da zaila. Hemen, Gipuzkoan, sei klub gaude oso distantzia txikian. Guk ere selekzioa osatuko bagenu, errazagoa izango litzateke guretzat, baina gutako askok ez genuke arraunean egingo, denentzat ez litzatekeelako lekurik egongo.

Orduan, selekzioa delako, Galizia sailkatutzat emango dugu?

Ez. Ezin dut esan hau edo bestea barruan dagoenik, eta ezin dut esan hau edo bestea kanpoan geratuko denik. Denei izan behar zaie errespetua. Orio ez dut kanpoan ikusten, esaterako. Sei ontzi gaude aukerekin, eta hirurentzat bakarrik dago lekua.

Elkarren berririk ez izateak handitu egiten al du urduritasuna?

Guk geurea egin behar dugu, gainontzekoei begiratu gabe. Besteei erreparatzen hasten bagara, arreta galduko dugu. Negu guztiko lana hankaz gora joango litzaiguke.

Bihar, ibaian lehiatuko zarete, eta etzi, itsasoan. Bietan berdin molda- tzen al zarete?

Berdin zaigu batean edo bestean.

Zazpi traineru zaudete, eta hiru ligatik kanpo geratuko dira. Denei aukera ez ematearen inguruan zer iritzi daukazu?

Horrekin beti gabiltza bueltaka. Iaz, denok aritu ginen ligan, bi multzotan banatuta, baina jendeak ez zekien garbi nolakoa zen txapelketa. Bi onenak, Galizia eta Getaria-Tolosa, ez ziren multzo berean joan, eta azkeneko estropadan bakarrik lehiatu ziren elkarren aurka. Beren multzoan erraz antzean ibili ziren, eta xarma kendu zion lehiari, horrela antolatuta zegoelako lehendik. Ez dakit zein den modurik egokiena, edo iazkoa edo aurtengoa, liga jokatzeko ereduari dagokionez.

Kanpoan geratzen denari Gipuzkoako Liga geratuko zaio. Hainbestean, ezta?

Bai. Euskotren ligaz gain, Gipuzkoakoa dago, eta estropada asko izango ditugu udan. Gipuzkoako Ligan ere, hainbat estropada San Miguel ligakoaren aurretik izango dira, leku berean. Euskotren ligan sartzen ez direnek sei estropada gutxiago jokatuko dituzte, baina txapelketak eta Kontxa ere hor daude. Asteburu guztietan izango ditugu estropadak, abuztuko batean izan ezik, eta asteburu batzuetan larunbatean eta igandean lehiatu beharko dugu. Nahikoa direla uste dut.

Euskotren liga ala Gipuzkoako Liga duzu nahiago?

Euskotren liga. Gizonezkoetan gogorrena San Miguel liga den bezala, emakumezkoetan Euskotren liga da. Kantauri osoko ontziak ariko gara, Galizia barne, eta Gipuzkoakoan, herrialdekoak bakarrik. Galizia sartzen ez bada asteburu honetan, Gipuzkoako liga bat izango da Euskotren ere.

Gipuzkoan, indar handia hartzen ari da emakumezkoen arrauna, baina beste lurraldeetan, ez. Nola ikusten duzu egoera hori?

Hemen, oso indartsu gaude, baina Bizkaian, esaterako, aurten ez dute ontzirik osatu, eta bateletan ere justu ibili dira. Kantabriak behin atera zuen trainerua, baina desagertu egin zen gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.