FRANTZIAKO TOURRAREN 100. URTEURRENA

Seigarrenean pentsatzen?

Lance Armstrong da Tourra irabazteko faborito bakarra, beste behin. Haren hutsegitearen zain daude beste dozena erdi hautagai Armstrong tronutik jasiteko, Joseba Beloki tartean

Andoni Urbistondo.
DONOSTIA
2003ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Ausarta da bosgarrena irabazteke duela seigarrenari buruz hitz egitea. Ausarta aurretik 3.400 kilometro eta xehetasun asko zintzilik direla Parisen maillot horiak nork jantziko duen zehaztea. Hain ausarta ez dena, Lance Armstrongen jardunak ezustekorako tarte benetan txikia uzten duela. Estatubatuarra baita faborito bakarra. Bera eta beste inor ez. Azken lau urteetan inor ez da US Postal taldekoari itzal egiteko gai izan eta aurten, izango denik ikusteko dago.

Bere adinari (31 urte) begiratzen diote batzuek, beherantz hasi behar duela jada. Iaz ahuldade keinu batzuk erakutsi zituela erlojupekoetan ohikoa zen nagusitasuna galduta, besteek. Baina noizbait kale egin beharko duela da bere agintea pairatu dutenen itxaropena, desioa. Egingo ote du noizbait!

Miguel Indurainen aroa ere bukatu zen, inor gutxik hala gertatuko zela espero zuenean. Armstrongen benetako gaitasuna berak bakarrik ezagutzen du, baina Armstrongen gainbehera urruntzen duten arrazoiak, aurrekariak, egon, badaude. Irabazi dituen lau Tourretan kontrarioak bost eta zazpi minutu arteko distantziara sailkatu direla da esanguratsuena. Kale egitekotan, beraz, pattalaldi serioa jasan beharko luke. Bere motibazioa irizpide moduan hartuta ere, zirrikiturik ez. Garaile petoa da Armstrong, lehiakorra, entrenamendu ñimiñoena ere leher eginda bukatzen du, eta Tourra bakarrik du buruan. Aurten Indurainen marka berdin dezake eta heldu den urtean, hobetu.

Kontuan hartzeko hirugarren arrazoia, US Postal taldea da. Armstrong bera garaiezina bada, taldea ere indartsua da oso. Errodadore bikainak ditu beste behin (Ekimov, Peña eta Rubiera) eta igotzaile hobeak (Heras, Beltran). Lidergoa babesten dira iaioak, jazarpen lanean zailduak eta igoeretan eraso ahalegin oro zapuzten dutenak erritmo itogarria jarrita.

Beloki, Ullrich, Simoni, Botero, Aitor GonzalezÉ

Oldarkor mintzatu da Armstrong Tourraren atarian. Belokiri buruz hitz itsusiak bota ditu: «Nahiko hitz egiten du berak bere buruaz nik iritzia emateko». Ullrichekin goxoago jardun du: «Haurra izan berritan motibazio handiagoa izango du». Eta zalantzatsu Gilberto Simoni italiarrarekin, ez baita Saeco taldekoaren aurka buruz buru lehiatu. Ziurrenik Simoni da Armstrongi igoeretan aurre egin diezaiokeen aurkari bakarretakoa, baina zeozer irabaztekotan ere, erlojupekoetan minutu zakua kenduko dio Simoniri Armstrongek. Giroa irabazita, gainera, lasai antzean ari daiteke Simoni.

Simoni bezain lan zaila dute Belokik, Ullrichek eta beste hautagai guztiek. Armstrong denak baino hobea delako. Urrutitik erasotzea, edo taldeburu batzuek elkar hartuta erasotzea omen Armstrong larritzeko bidea. Orain arte irabazitako lau Tourretan estatubatuarrak finkatu du lasterketako bilakaera lehen erlojupekoan edo lehen mendiko akaberan kolpe latza jota. Hori aldatzea funtsezkoa da, baina aldatzeko gaitasunik ba al da? Dena arriskatzeko prest al daude oilar guztiak Armstrong tronutik jaisteko?

Ibilbidea azken urteetako menditsuena da. Erlojupekoan, bakarka, 110 kilometro bete beharko dituzte karreristek, eta 68 taldekako erlojupekoan. Trukean zazpi etapa menditsu: Alpeetan hiru eta Pirinioetan lau. Ez dira mendiko etapa klasikoak. Ibilbideak gorabeheratsuak dira, kilometro askoko etapak, urrunetik erasotzeko aproposak oso, azken mendatea hasi arte itxaron gabe.

Lehen erlojupekoa Alpeen ostean kokatu du antolakuntzak, sailkapen nagusia dezente argitu ostean eta bigarrena Pirinioen ostean, Tourreko garailea ezaguna izango denean, ondo bidean.

20 etapa eta gaurko aitzin-etapa Armstrongen erregetzak bizirik jarraituko duen jakiteko. Eta tartean Baionako etapa.

z

Faboritoen pokerra





Lance Armstrong

31 urte, 92an debuta.

Taldea: Us Postal

Denboraldiko garaipenak: Bi Dauphine Libere eta bertako erlojupekoa

Tourrean: Lau Garaipen S.N-an, eta 15 etapa garaipen.

g Handiren bat gertatzen ez bada, bera izango da Tourreko garailea. Bere esku dago garaipena. Betiko prestaketa egin du, eta, apirilean izan tripetako arin bat beste arazorik ez du izan. Nahi bezala ibili da, lasai hemen, eta probak eginaz han, berak aukeratutako karreretan. Egin dituen azterketa guztiek emaitza ona eman diote. Murtzian egin zuen debuta eta hango erlojupekoan bigarren sailkatu zen. Apirileko Munduko Kopako probetan sofritzea egokitu zitzaion, ehuneko ehunean egon gabe garaipena erdiestea ez baita erraza inorentzat, baina hala ere zortzigarren izan zen Amstel Gold Racen eta 20. Liege-Bastogne-Liegen. Maiatzean atsedenaldia eta lan saio gogorrak tartekatu zituen Pirinioetan, eta, ondorioak bistakoak izan ziren Dauphine Liberen: azken garaipena eskuratzeaz gain, erlojupekoak ederki jipoitu zituen espezialistarik onenak ere. Bete betean ez zegoenez, izerdi dezente bota behar izan zuen Alpeetan, Mayoren atzetik. Inor baino gehiago dela erakusteko falta zaion puntua ondorengo entrenamenduetan lortu du, eta bere legea ezartzeko prest dago. Ez zaio ahuleziarik ezagutzen, dena du bere alde.

Joseba Beloki

29 urte, 98an debuta.

Taldea: ONCE-Eroski

Denboraldiko garaipenak: 3 Alconbendasko klasikoa eta erlojupekoa, eta Euskal Bizikletako azken etapa (Arrate).

Tourrean: Beti podiumean, ez du etapa garaipenik.



g Podiumerako hautagai sendoa da. Erregulartasuna da bere dohairik onenetakoa, eta esparrurik erabakigarrienetan, mendian eta erlojupekoan, orekatua. Entrenamenduetan oinarritu du bere prestaketa guztia eta 18 lehia egun baino ez ditu hanketan, inoiz baino gutxiago, fresko dago beraz, bizikleta gosez. Aurreko bi denboraldietan ez bezala aurten ez du lesiorik izan eta plangintza guztia goitik behera bete du.



Jan Ullrich

29 urte, 95an debuta.

Taldea: Bianchi

Denboraldiko garaipenak: 1 Koloniako Sari Nagusia

Tourrean: Bat irabazi eta beste lautan bigarren. 6 etapa garaipen

g Urtebete arazoz gainezka egon ondoren, Tourrera itzuliko da alemaniarra. Garaipen bakarra lortu du eta hori albiste ona da berarentzat, bere garairik onenetan ere ez baitzuen inoiz Tourra baino lehen garaipen gehiago lortu. Ohiko prestaketa egin du. Makal antzean hasi eta goruntz egin ondoren. Alemaniako itzulian bosgarren izan zen eta zazpigarren Suitzakoan. Ez dira datu txarrak, baina bi proba horietan baino hobeto ibiltzen ez bada nekez sartuko da oso ondo ezagutzen duen Parisko podiumean.

Santiago Botero

30 urte, 96an debuta.

Taldea: Telekom

Denboraldiko garaipenak: 0

Tourrean: 3 etapa garaipen. Hirutan amaitu eta beti lehen hamarretan. Posturik onena laugarren, iaz.

g Telekom taldearekin fitxatu izanagatik, ez dauka taldekako erlojupekoan beste faborito batzuk baino atzerapen gutxiago izango duen segurtasunik. Telekom behin bakarrik ibili da ondo taldekako erlojupekoan, 2000. urtean, non hirugarren izan baitzen. Ziklista indartsurik bada, Botero da indartsua. Mendian bezala ibil daiteke onenaren pare erlojupekoan, baina biak uztartzeko arazoak ditu. Hori da bere akatsa, ez da erregularra.



GILBERTO SIMONI

31 urte, 94an debuta.

Taldea: Saeco

Denboraldiko garaipenak: 7 garaipen. Giroa eta hiru etapa. Trentinoko Giroa eta etapa bat, eta, Apeninoetako Giroa.

Tourrean: Behin bakarrik amaitu du, 1997an, 116. izan zen.

g Ez ohiko bidetik helduko da Tourra, Girotik. Txirrindularitzan egun horrek mesede baino kalte gehiago eragiten du, txirrindulariak akituta heltzen baitira, egindako esfortzuak errekuperatu gabe. Aurkari izango dituen guztiak prestaketa hutsean zebiltzanean, Simoni podiumean zegoen ordurako. Apirila erdia eta maiatza osoa sasoi betean igaro ondoren, ekaina errekuperatzeko hartu du. Baina, nahikoa ote? Lehenengo bostetan izan lezake lekurik .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.