LABURRAK
- Selekzioen puntu berdinketa kasuan zer? Gaur hasiko da Munduko Kopako lehen faseko hirugarren -eta azken- jardunaldia, eta baliteke multzoetan selekzio batzuk puntuetan berdinduta geratzea. Ondorioz, final-zortzirenetara pasatzeko kasuan, zer irizpide dago? FIFAren araudiaren arabera, hauek dira irizpideak, hurrenez hurren:
- 1. Puntuetan berdindutako selekzioen aldeko eta kontrako golen aldea, lehen faseko partida denak kontuan hartuta.
- 2. Hor berdinduta baleude, horietako selekzio bakoitzak aurreneko fasean orotara sartutako gol kopurua izango da bigarren irizpidea.
- 3. Berdinketa kasuan inplikatuta dauden selekzioen arteko partidetako puntuak.
- 4. Inplikatutako taldeen arteko partidetako golen aldea.
- 5. Inplikatutako taldeen arteko partidetako gol kopurua.
- 6. FIFAren zozketa litzateke azkeneko irizpidea.
- Baloi bat margotzeagatik isuna eta kartzela? FIFAk Port Elizabeth-eko (Hegoafrika) jatetxe bateko jabeari isuna jarriko dion mehatxua egin dio, jatetxeko leiho batean duela hamar hilabetetik daukan baloi bat '2010' jarrita margotzeagatik. FIFAko publizitate arauak hautsi izana egotzi dio eta, '2010' hori ez badu kentzen, egunero 1.500 euroko isuna eta urtebeteko kartzela izan ditzakeela ohartarazi dio.
- Estadioetan alkohola sal daiteke. Hegoafrikako estadioetan alkohola sal daitekeela jakinarazi du Munduko Koparen Batzorde antolatzaileak. Lege horrek, hala ere, FIFAren segurtasun batzordeko arauekin talka egiten du. "Hegoafrikako legeen arabera, alkohola sal daiteke estadioetan. Horrek ez dauka zerikusirik batzorde antolatzailearen iritziarekin, baina hori da errealitatea". FIFAk segurtasunari buruz daukan araudiaren arabera, estadioetan alkohola saltzea ez da ezin eztabaidatuzko kontu bat. "Lehiaren antolatzaileak neurri egokiak hartu beharko ditu, alkohol kontsumoak partidarekin gozatzen ari direnen segurtasunean eraginik izan ez dezan".
- Vuvuzelak Europara? Txinan vuvuzelak egin eta egin ari dira, Hegoafrikako Munduko Kopako estadioetako jarraitzaileen animazio turuta horiek, eta aitortu dute etekin ekonomiko handiak ari direla izaten. Vuvuzelen %90 Txinan ari dira egiten, eta prest daude Europan ere saltzen hasteko.
ESANAK
- Chris Killen (Zeelanda Berriko jokalaria). "Bi berdinketa lortu ditugu eta hori guretzat historia pixka bat egitea da. Jendeak dagoeneko ezin du gutaz barre egin".
- Gianluca Zambrotta (Italiako jokalaria). "Askotan egon gara honelako egoeratan [lehen fasean kanpo geratzear]".
- Vicente del Bosque (Espainiako hautatzailea). "Ez naiz gure eredutik aldendu".
- Frank Lampard (Ingalaterrako jokalaria). "Ez dago hausturarik entrenatzaileen eta jokalarien artean".
- Oscar Tabarez (Uruguaiko hautatzailea). "Niretzat ez da ustekabekoa Ertamerikako selekzioak ondo ibiltzea. Lan prozesu garrantzitsua ari gara egiten".
- Marcelo Bielsa (Txileko hautatzailea). "Espainiaren aurka saiatuko gara geu izaten jokoaren protagonista".
- Elano (Brasileko jokalaria). "Gogorragoak izan beharko lukete epaileek".
DATUAK
- Villa, mundialetan penaltia huts egin duen Espainiako selekzioko lehen jokalaria. Penalti bat huts egin zuen atzo David Villa Espainiako jokalariak eta, horrela, hura da mundialetan penalti bat sartu ez duen Espainiako selekzioko aurreneko jokalaria. Espainiak Munduko Kopetan atzora arte hamalau penalti bota zituen.
- Azkeneko 7-0ekoa, 1974an. Portugalek 7-0 irabazi dio Ipar Koreari, eta Munduko Kopa batean azkeneko 7-0ekoa 1974an gertatu zen: Poloniak lortu zuen, Haitiren aurka. Orduko golegileak: Szarmach (hiru), Lato (bi), Deyna eta Gorgon. Mundialetan lau aldiz egin izan dute 7-0.
- Suitza 559 minututan egon da mundialetan golik jasotzeke. Txilek 75. minutuan gola sartu dio Suitzari, eta honen markako iraupena orduantxe bukatu da. Munduko Kopatan segidan 559 minututan egon da golik hartu gabe. Harena da errekorra.
laburrak, esanak, datuak
Selekzioen puntu berdinketa kasuan zer?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu