Hainbeste sufritzea ere... Baskoniak meritu handiko garaipena lortu zuen atzo Kaunasen, eta pauso txiki batera dauka Top16a. Gaur Khimkik Israelen galtzen badu, poltsikoan izango du txartela Baskoniak. Horregatik, eta zazpi egunen buruan Khimki eta Zalgiris menderatu dituelako. Horraino denak kontent, baina, horraino, komeni hausnarketa sakona egitea. Baskonia muturretik muturrera ibili zelako Lituanian, erdibiderik bilatu ezinik. Eta erdibideari pazientzia, sen ona, buru pixka bat esaten zaio. Ez da asko eskatzea, ezta?
Ulertzen zaila delako lehen 20 minututan perfekziotik gertu aritu zen taldeak hain bigarren zati kaskarra egitea, azukre koskorra kafesnean bezala urtzea, Olentzeroren mozorroa jantzi eta han eta hemen opariak egiten hastea, eskuzabaletan eskuzabalen. Ez da erraz ulertzen atsedenaldian hemeretzi puntuko aldea duen taldeak (33-52) aurkariari luzapena behartzen uztea, eta ondo baino hobeto lotuta zeukan garaipena txanpona airera botata erabakitzen uztea. Ez da normala, eta hala egin izanak erakusten du Baskonia non dagoen: bere ohiko joko eraginkorretik urrun.
Jarraikortasunik gabe, orain oldarkor, hurrena epel. Laurden batean, jaurtitzen duen guztia saskiratzen, eta minutu batzuk geroago, jaurtiketa sinpleena saskiratzeko komeria ikaragarriekin. Baskoniak asko du hobetzeko, eta hobetzen saiatzeko denbora izango duelako, gaitzerdi. Top16ko txartela lotu ondoren hilabete luze izango du soberan duen koipea botatzeko, gorabeherak atzean uzteko; eta itxaropen hori eduki behar. Arabarrek Top16a gaur dauden bezala jokatuko balute, zer eginik ez lukete izango Europako talde onenen aurka.
Zerutik infernura aitaren batean pasatzeko duen dohain arraroaren adibideak dira ondorengoak. Teletovicek egun ona zuen atzo. Bilbon trakets aritu zen, eta egin dizkioten kritika zorrotzei erantzuteko gertu kantxaratu zen. Zazpi hiruko sartu zituen 20 minututan, eta bakarra kale egin. Jaurti behar ez zuen bakarra, hain zuzen. Beste guztiak jokaldi landuen ondoren egin zituen. 26 puntu sartu zituen bosniarrak lehen zatian, eta bere onetik atera zituen Zalgirisko Salenga eta Jankunas. Huertas eta Barac ere bikain aritu ziren. Brasildarrak hamar asistentzia eman zituen, asko Baracek bukatutakoak, eta polita zen Baskoniak lituaniarren defentsa zein erraz hausten zuen ikustea. Emaitza, sekulakoa: 33-52.
Zuritik beltzera
Garaipena ziurra zen. Edo izan behar luke, eskarmentu handia daukan talde batek ezin duelako hemeretzi puntuko aldeko errenta pikutara bota. Baina hala egin zuen, eta bitan 20 minututan. 40-52 hurbildu zen aurrena Zalgiris Milaknisen eskutik, baina jaiki egin zen Baskonia: 48-59. Etxekoek estutu egin zuten berriro, eta 56-59 eta 58-62 ere gerturatu zen Delininkaitisen hirukoen ostean. Baskoniak zortzi minutu eskasetan galdu zuen 20 minutu bikainetan pilatutako uzta oparoa.
Hirugarren laurdena 60-70 bukatu zen, halere, Baracek azken segundoan saskia txikitu ostean. Azken laurdena ondo hastea, tenplearekin, erabakigarria zen, eta hala hasi zuen Gasteizko taldeak. Olesonek Delininkaitis eta Pociusen sua itzali zuen defentsa bikainarekin, eta Baracen sei puntuk, eta aulkian minutu asko egin zituen Teletovicen hiruko batek 62-78koa jarri zuten. Bost minutu aurretik eta hamasei puntuko aldea! Kito, ez dago bueltarik, ezta? Ba bai, badago. Zalgirisek eman zion, behintzat. Bere saskipea itxi, egurra eman eta irentsi egin zuen Baskonia haragi puska samur bat bailitzan.
Luzapenean Olesonek zortea izan zuen hiruko batekin, eta garbi geratu zen Baskoniak ezin zuela galdu. Ez zuen galdu. Bigarren ere izan daiteke, baina ez dago ondo. Sen ona falta duelako.
Sen on pixka bat, mesedez
Baskoniak garaipen garrantzitsua lortu du Kaunasen, eta gaur lor dezake Top16ko sailkapena, Khimkik Israelen galtzen baduArabarrek muturretik muturrera jokatu dute: orain bikain, hurrena ezin okerrago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu