Lasaitasun maitalea da Xala (Lekuine, Lapurdi, 1979). Arrantza du gustuko, hausnarketa, mendiko patxada... Inguruan oso ozen hitz egiten dutenean min hartzen duten pertsona horietako bat da. Hortaz, lau t'erdian jokatzen sufritzea ia kontu genetiko bat da harentzat, alergia moduko bat. Kaiolak, gainera, ez dizkio eman kantxa osoko buruz burukoak adina egun gozo. «Lau t'erdian dena oso bizkor doa, ezin duzu pentsatu, senak garrantzi handia du». Senaren baitan daude haren aukerak, eta gaur oso fin izan beharko du, Aimar Olaizolari Iruñean irabazi nahi badio. Biek finalerdietako ligaxkako lehen partidak galdu zituzten, eta gaur hogeita bira iristen ez denak ia ezinezko izango du finalean sartzea. Apustuek Goizuetakoa jotzen dute faborito garbi: dirua doblean irtengo da.
«Nahiago dut kantxa osoa buruz buru jokatzeko», onartu du Xalak. «Erosoago ikusten dut neure burua, lasaiago. Denbora gehiago duzu, eta hobeto pentsa dezakezu zer egin». Pentsatu ahal izatea garrantzitsua baita hausnarketa gustuko duten pertsonentzat, eta lau t'erdiak ez du halakorik ametitzen. Gainera, kaiolak ezer gutxi on eman dio Xalari, eta buruhauste franko. 2001ean hartu zuen parte lehenbizikoz, eta txapelketan sartu duten hamar aldietan hogeita lau partida jokatu ditu eta hamaika irabazi. Aurtengoa da ligaxkan sartu den hirugarren aldia, eta final bat jokatu zuen. Hura, baina, ez zuen gozatu, 22-5 galdu baitzuen Olaizola II.aren aurka. Kritika iturri ere izan da harentzat, 2009an, eta iaz, lehen partidan kanporatu zuten Saralegik eta Arretxek, hurrenez hurren. Iaz ez zen sasoi betean baina duela bi urte egur asko jaso zuen.
«Lau t'erdian jokatzea oso zaila da, pilotari bakoitzak bere estiloa du, eta dena oso bizkor doa. Agintzen zoazela dirudi eta kolpetik dena aldatzen da». Hala laburbildu ditu kaiola barneko sentsazioak, eta antzeko zehaztasunez deskribatu du jokatzeko modua: «Hor barruan ezin duzu askorik pentsatu. Min egiteko, zoroen pare jokatu behar duzu pixka bat. Dena da sena, airez eta boleaz jokatu behar duzu eta pilota beti oso bizkor itzultzen zaizu».
Zazpi urte dira finala jokatu zuela, eta berak ere sumatu du tarte horretan jokoa asko bizitu dela: «Bortitzago jokatzen dugu denok, gure erritmoa ezartzen saiatzen gara». Deseroso aritu arren, Xalaren mesederako da aireko jokoak botekoari aurrea hartu izanak. Aurten, gainera, sasoiko ekin dio txapelketari, hark dioenez, udan ez du beste urte batzuen bezainbeste jokatu eta hobeto prestatzeko modua izan du. Horrek txapelerako hautagai bilakatzen al du? «Ez dakit bada zer esan. Gose naiz, eta uste dut hor nagoela, lehian. Kolpez, fresko nago, baina badakit ligaxkan lehiatu ahal izateko nire onena eman beharko dudala».
Buruz burukoa irabazi bazuen, zergatik ez lau t'erdikoa? «Manomanistako txapelak konfiantza ematen dizu. Asko borrokatu behar izan nuen final hartan, eta orain lasaiago jokatzen dut. Halakoak pasatzeak gogorrago egiten zaitu, baina tira, azkenean hau guztia joko bat baino ez da. Gainera, ligaxkan sartu izan ez banintz, inork ez luke esango konfiantza eman didanik».
Senaren eskuetan
Kantxa osoan lasaiago jokatzen duela onartu du Xalak, lau t'erdikoaren erritmoak ez diolako pentsatzen uzten. Hala ere, txapela janzteko gai dela uste du. Bide horretan, gaur Olaizola II.ari ezinbestean irabazi behar dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu