Sentimendu egoista

Mikel Astarloza.
2008ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Hiru egun daramatzagu erregeen pare. Oso hotel lasaian gaude, hiritik kanpo, eta ez daukagu Tourrean gauden sentsaziorik. Baina, tira, gaur hasiko da Tourra, eta bat-batean etorriko zaigu estresa. Guretzat mundua gelditu egingo da gaur. Tourrean gauden bitartean beste guztiek ez dutela beste ezer egiten iruditzen zaigu; Tourra ikusi, Tourraz hitz egin... Sentipen egoista daukagu. Gure buruari bakarrik egiten diogu kasu, eta iruditzen zaigu uztailean Tourra besterik ez dagoela munduan.

Gure lanik garrantzitsuena lo egitea eta jatea izaten da. Jatea eta lo egitea bihurtzen da eguneko ilusio. Etapa da mugarria, etapa amaitzen denean guretzat eguna amaitu egiten delako. «Bat gutxiago» esaten dugu beti.

Egoistak gara. Mekanikariek bizikletak prest eduki behar dituzte, eta masajistak ere gu zaintzeko daude. Lagunekin eta senitartekoekin hitz egitean ere gai bakarra izaten da. «Zer moduz?». Baina, zer moduz hori ere guretzat izaten da. Zer moduz gu Tourrean. Eurak ez. Askotan ahaztu egiten zaigu telefonoaren bestaldean dagoenak bere bizitza eta bere arazoak dauzkala.

Pentsa, prentsak ere goratu egiten gaitu hilabete honetan! Urte guztian ahaztuta izan gaituzten kazetariak azaltzen dira, eta horiek ere goratu egiten gaituzte. Horientzat ere erregeak gara. Baina niri gustatzen zait gogoratzea zein gogorra den lanera joateko goizeko seietan esnatzea. Batzuek pentsatuko dute gure lanbidea dela gogorra, baina gure lanbidea oso esker onekoa da.

Hainbeste goratuta, hiru asteko borondatezko zigorra pasatu, eta etxera itzultzean gogoratzen gara ametsa amaitu dela, eguneroko bizimodura bueltatu beharra dagoela. Eskerrak gaur egun Internet daukagun, eta goizero BERRIAko webgunean ikusten dudan Tourraz gain, bizitza badagoela; dena ez dela Tourrera mugatzen. Hilabete honetan mugitzen ari garen bakarrak ez garela gu ikusteko balio izaten dit horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.