«Sentitzen dut horrela uzteagatik»

Taldekideen lanari errematea emanda, aurtengo Giroko hirugarren garaipena pilatu du Andre Greipelek, eta etxerako bidea hartu du segidan. Lau mendate igo beharko dituzte gaur, lehen mailakoak horietako bi

«Sentitzen dut horrela uzteagatik».
unai zubeldia
2016ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Ez nago pozik Giroa maglia gorria jantzita utziko dudalako, baina erronka asko dauzkat denboraldi honetan». Erabakiak ez dauka atzera bueltarik. Andre Greipelek (Lotto) azken gozatuarekin hartu zuen atzo etxerako bidea. «Sentitzen dut horrela uzteagatik, baina...». Taldeak goizean jakinarazi zuen albistea: «Greipelen azken etapa izango da gaurkoa». Iristear dauden lasterketak prestatzen hasiko da orain alemaniarra. Konfiantzaren zakua dezente beteta, eta Alemaniako beste esprinter handi baten parera iritsita, ez dio haserre helduko prestatze lanari.

Izan ere, Noale eta Bibione arteko etapa irabazita, Greipelek, dagoeneko, hogei garaipen lortuak ditu hiru asteko hiru itzulietan: Frantziako Tourrean hamar, Italiako Giroan sei —hiru aurten, 5. etapan, 7.ean eta 12.ean—, eta Espainiako Vueltan lau. Erik Zabelen marka berbera da hori. Tourrean ez bada, Vueltan, kopuru hori gainditzeko aukera ederra izango du denboraldi honetan. Etxerako bidea hartuta, Giacomo Nizzolok (Trek) jantziko du gaur erregulartasunaren maillota.

Aurtengo Giroko beste bi garaipenetan gertatu bezala, atzo ere erabat eroso irabazi zuen etapa Lottoko esprinterrak. 182 kilometro zeuzkan Noale eta Bibione arteko etapak, eta tropelak nahi izan zuen moduan kontrolatu zuen Daniel Oss (BMC) eta Mirco Maestriren (Bardiani) ihesaldia. Matteo Trentin (Etixx) eta Alexandr Kolobnev (Gazprom) ere saiatu ziren ihesean joaten, baina bidean geratu zen euren ahalegina. Lau minututik gorako aldea lortuta ere, Bibioneko zirkuitura gerturatu ahala deseginez joan zen arrakastarako aukera. 22 kilometro falta zirela eman zuten amore, eta orduantxe hasi zen egurrean Lotto.

Hiru itzuli eman behar izan zizkioten zazpi kilometroko zirkuitu arriskutsuari, eta, arriskuaz jabetuta, azken zortzi kilometroetako denborak ez kontuan hartzea erabaki zuten epaileek. Faboritoei lasaitasuna eman zien erabaki horrek, eta esprinterrak eta euren taldekideak soilik geratu ziren aurrean azken zortzi kilometroetan. Zalantzazkoa izan zen, ordea, epaileen erabakia, aurretik euria eginda ere, ordurako lehor zegoelako zorua. Euriaren arriskurik ez bazegoen, zirkuitua arriskutsuegia zen seinale izango zen. Baina hilabete asko lehenago aztertzen dituzte ibilbide guztiak. Erorikoak saihestu bai, baina ikusgarritasuna galdu zuen etapak erabakihorrekin. Lottok ez zuen aukerarik eman, eta, azken bihurgunea hartuta, Caleb Ewan (Orica) soilik gerturatu zitzaion Greipelei. Sailkapen nagusian ez zen izan aldaketarik, eta Bob Jungelsek (Etixx) jarraitzen du lider.

Etapa gogorra gaurkoa

Palmanova eta Cividale del Friuli artean, hamahirugarren etapa jokatuko dute gaur (170 km). Gogorra da ibilbidea, lau mendate igo beharko dituztelako, horietako bi lehen mailakoak. Montemaggiore (8,5 km, eta %9,3) eta Cima Porzus (8,7 km, eta %8,3). Bigarren mailakoa izango da eguneko azken mendatea, Valle, 6,2 kilometrokoa. %8,5eko batez bestekoa daukate azken 5,2 kilometroek. 13,9 kilometro besterik ez daude mendatetik helmugara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.