Serbia-Kroazia eta Espainia-Danimarka izango dira Serbiako Europako Eskubaloia Txapelketako finalerdiak. Etxekoek eta espainiarrek euren multzoetako aurreneko postua ziurtatu zuten atzo bigarren ligaxkako azken jardunaldian. Serbiarrek Mazedoniaren aurka jokatu aurretik lortu zuten helburua. Izan ere, Poloniak Alemaniari irabazi zion (33-32), eta emaitza horrek multzoko lehen postua eman zien. Horrek lasaitu egin zituen etxekoak, eta 19-22 galdu zuten Mazedoniaren aurka, jokoan ezer ez zegoen partidan. Alemaniaren porrotak, halaber, mesede egin zion Danimarkari, lehen multzoko bigarren postua lortu baitzuen Suediari 31-24 irabazita.
Bigarren multzoan, berriz, Espainiarentzat eta Kroaziarentzat izan ziren lehen eta bigarren postuak. Espainiarrek nahikoa zuten Esloveniarekin berdintzea lehenak izateko, baina horrekin konforme ez eta irabazi egin zuten (35-32). Espainiarren garaipenak, gainera, Kroazia sailkatu zuen finalerdietarako, eta garrantzia kendu Hungariaren aurkako partidari —24na berdindu zuten kroaziarrek eta hungariarrek—. Multzo berean, Frantziak 29na berdindu zuen Islandiarekin. Olinpiar, munduko eta Europako txapeldunak jada ez zuen aukerarik sailkatzeko. Frantziarrek oso txapelketa eskasa egin dute.
Kitarako kutsuko finalerdiak
Oso bestelako lana egin dute finalerdietan ariko diren selekzioek, Espainiak eta Serbiak, batez ere. Biak ala biak merezita eta estutasun handirik gabe sailkatu dira finalerdietarako, eta itxuraz, behintzat, aukera asko dituzte igandean finalean elkarren aurka jokatzeko. Horretarako, baina, Kroazia eta Danimarka kanporatu beharko dituzte bihar finalerdietan. Lehia ikusgarriak espero dira. Serbiaren eta Kroaziaren artekoan, tentsioak gainezka egingo du. Beste finalerdia, berriz, iaz Suedian jokatu zen Munduko Txapelketako finalerdiaren bigarren atala izango da. Orduan Danimarkak irabazi zuen. Espainia, beraz, mendeku gosez irtengo da pistara.
Serbiak Kroazia izango du arerio finalerdietan, eta Espainiak Danimarka
Serbiarrak eta espainiarrak lehenak izan dira Europako Txapelketako bigarren ligaxkan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu